Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Punparen hipotesia

«Mundu handia» designatzen omen zuen esapidea, «high-life», euskaraz «jai-laif» ahoskatzen omen dela eta, «jai-alai» proposatu zuen Barojak.

Herriko plazan baino gehiago frontoian egiten genuen dantza gaztetan. Inguruko herrietan ere frontoia izan genuen festetako dantzaleku (eta, jakina, edanleku). Pilotalekuan Egan eta Akelarre izan ziren, besteak beste, gure musika-irakasleak. Haiekin ezagutu genituen, esate baterako, Queen edo Ramones, eta han deskubritu genuen dantza arrimatua, binakako modalitatean. Hala izanagatik, ez diot sekula funts handirik antzeman frontoiak "Jai Alai" eta antzekoekin izendatzeari. Festa alaia izan ohi zen, bai; baina gehiegizkoa dirudi horregatik soilik izenera eramatea.

Hemerotekari axaleko begiratua emanda jakin dut Serafin Barojari, Pioren aitari, zor zaiola. "Diario Vasco"-ko kronika batek dioenez, Donostiako Ategorrietako pilotaleku berriari izena proposatzeko eskatu zioten Barojari 1887an. Handia ez ezik, dotorea ere ba omen zen «hiriko lehen pilotaleku modernoa», eta horri erantzun behar zion izenak, bertakoak uxatu gabe. «Mundu handia» designatzen omen zuen esapidea, «high-life», euskaraz «jai-laif» ahoskatzen omen dela-eta, «jai-alai» proposatu zuen Barojak, ingeles oihartzunaren dotoretasuna eta bertakoen festaren alaitasuna uztartzeko. Horraino Ricardo de Eizaguirrek "Diario Vasco"-ren 1970eko urriko kronikan dioena.

Baina bada beste azalpen bat ere. Serafinek ondo ezagutzen zituen Euskal Herria eta euskara. Bizkaiko Meategietako buru izan aurretik ere, ibili zen Markina aldean eta ikasi zuen han «jaixe» edo «jaikixe» esaten ziotela punpa edo boteari (mila esker, Alain); eta badirela jai oneko pilotak eta jai alaikoak. "Jai alai" horren arrazoia, hortaz, ez da frontoia herrietako festa-leku nagusia dela, edo ingelesezko esapide baten antzera ahoskatzen dela, baizik eta pilotaren punpa alaia.

Punpa alaiaren hipotesia nire asmazioa da, bai. Ingelesez zesta-puntaren izentzat daukate eta haiek ere festa alaia aipatu ohi dute izenaren jatorriaren berri ematean. Baina punparen hipotesia, natural, ulergarri eta ederragoa iruditzen zait niri. Eta sinesgarriagoa. Ezagutzen duzue esaera: «‘Diario vasco’; egi gutxi, gezur asko». Zer esanik ez 1970ean.

Bilatu