Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Sinetsiko nuke

Sinestun izango nintzateke, ziur aski, gure mezek antz handiagoa balute Kaliforniako San Frantziskoko Glide Memorialekoekin.

Aspaldiko partez bi edo hiru aldiz joan naiz mezatara azkenaldian. Errespetuz diot: beti bezain tristeak eta aspergarriak iruditu zaizkit; errepikaren errepikaz guztion animoak xahutzen dituzten antzezlan behartu hutsalak. Esaten dutena sinesten dutela adieraziko lukeen seinale izpirik gabe egiten dute apaizek. Karaokea jarrita ere, afinazio txiki eta gogo txikiagoz kantatzen dute eliztarrek. Horrela ez dago kristorik ardoa odol bihurtzen dutela sinestuko dienik.

Bi salbuespen dauzkat gogoan: umetan, udalekuetan Jaxinto F. Setienek-eta kantuz, gitarraz, ogiz eta ardoz bustitzen zuten hura, bat. Edinburgon, eguberrietako gaueko mezan, Mozarten “Meza Minor”-a entzun nuenekoa, bestea. Izan dut elizan beste esperientzia musikal ederrik: Oxforden Allegriren “Miserere”-a entzutean, adibidez, sentimendu erlijiosotik gertu dauden emozio indartsuak piztu zitzaizkidan, apaizik ez zegoelako akaso.

Sinestun izango nintzateke, ziur aski, gure mezek antz handiagoa balute Kaliforniako San Frantziskoko Glide Memorialekoekin. Musika talde sendo batez lagunduta, txuri, asiar, eta latino askotxo dauzkan gospel abesbatzak gidatzen du eliztarren eta bisitarien gorputzen erritmoa. Hori alaitasuna hori! Haiek besarkadak! Happy Sunday! Ez ardorik, ez odolik. Horrela bai, horrela sinets dezake batek.

1969an, Woodstock sonatuan batzuk sexu, droga, rock’n’roll eta euriaz gozatzen ari zirela, handik berrehun kilometro eskasera, Harlemen, milaka beltz ari ziren gospel, blues, soul, funk eta hainbat erritmotan kantan eta dantzan. Pantera beltzek zeukaten segurtasunaren ardura. Ume txikia izanik ere, han izan banintz, igual sinetsiko nuke orain.

Oraintsu arte inork gutxik jakin du Harlemgo jaialdi erraldoi haren berri, bertan izandakoez gain. Hendrixek ez zuen parte hartu. Mavis Staples aita eta bi ahizpekin aritu zen, eta Mahalia Jacksonekin ere kantatu zuen urduri. 2011n, Donostiako Trinitate plaza jarri zuen dantzan Mavisek euripean. Ahizpa ondoan zeukan, puntua egiten. Segurtasuna ez zegoen pantera beltzen esku. Beranduegi zen niretzat, sinesten hasteko.

Bilatu