Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

«The Wall»

Gerragileek informazio eskubidea murriztu zuten lehenik. Pentsamendu eta adierazpen askatasuna gero. Tankeak eta misilak bidali. Ahots kritikoak isildu. Berlingo harresia eraiki nahi dute berriz. Baina alferrik dabiltza.

Rogers Watersek taldea utzi zuenetik, Pink Floyd-ek ez dio bere mailari eutsi. Watersek ere ez, bakarka hasi zenetik. David Gilmour-ekin elkarlanean osatutakoak dira "Atom Heart Mother" eta "Wish you were here", baina berari aitortu ohi zaio "Dark Side of the Moon" eta "The Wall"-en egiletza. Batzuon memoria musikalean ohorezko tokia gorde dute horiek guztiek, ke arteko urteetatik hasi eta gaur arte.

Azken asteotan Waters/Gilmour gatazka berritu nahi izan dute batzuek, Polly Samson-ek Twitter-en Watersi botatakoak albiste bihurtuz: «Antisemita zara, zure barrunbe ustelenetaraino. Putinen apologista ere bai, eta gezurti, lapur, hipokrita, zerga-ihesa egiten duen ezpain-sinkronizatzaile, misogino, inbidiak jotako megalomanoa». Lasai geratuko ahal zen!

"El País"-ek eta "The Guardian"-ek zekartzaten kroniketan badira alde batzuk: "El País"-ek, hasteko, Gilmourren emazte gisa aurkeztu zuen Samson; "The Guardian"-ek Pink Floyden azken garaiotako letren egile nagusi gisa. Baina, aldeak alde, bat egiten zuten fokua Watersen posizio politikoetan jarrita. Palestinaren alde egin izan du askotan, eta Israelen lobbyen antisemitismo akusazioak eta boikota ekarri dizkio horrek. Ukrainako gerrari buruz hitz egiteko gaur zortzi Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan parte hartu zuenean, Watersek ez zion mendebaldeko gobernuek ezarritako gidoiari jarraitu: Errusiak Ukraina inbaditzea salatu zuen, baina Ukrainak eta mendebaldeak egindako probokazioak ere bai. Berehalako su-etena eskatu zuen. Itxura denez, hori ez dator bat bi egunkari horien lerro editorialekin. Gaitzespen kiratsa zerien bi kronikei.

Gerragileek informazio eskubidea murriztu zuten lehenik. Pentsamendu eta adierazpen askatasuna gero. Tankeak eta misilak bidali. Ahots kritikoak isildu. Berlingo harresia eraiki nahi dute berriz; mundua bitan banatu: mendebaldea eta ekialdea; onak eta gaiztoak. Baina alferrik dabiltza. Badira iparra eta hegoa ere. Eta izango dira, izango gara. Ez gara hesian beste harri bat izango; «just another brick in the wall». Ez horixe.

Bilatu