Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Txiripa

Nolanahi ere, ez zegoen meritu handirik egin beharrik atxilotua izateko. Eta atxilotua izanda, torturatua izateko. Nahikoa zen «politikan sartuta ibiltzea» arriskuan egoteko.

Euskaltzaindiaren Hiztegiak dio: «Txiripa. iz. Heg. Zorioneko halabehar edo ezustea. Txiripaz adb. Zorioneko halabeharrez, zorioneko ezustekoz; ozta-ozta. Marro ere ia-ia atxilotu zuten, baina txiripaz egin zuen ihes. Txiripaz gaude bizirik».

Ez dakit adibideko Marro hori nor den, baina esango nuke azken hamarkadotan Marro ugari izan dela atxiloketari eta, ondorioz, torturari txiripaz egin diena ihes. Bat baino gehiago libratuko zen, ondoko herriko festetan azken tragoa hartzeko gonbitari ezetz esan ez eta poliziak etxean zain zeuzkalako abisua garaiz etorri zitzaiolako; edo poliziak pareko portala zaintzen ari zirela, muturren aurrean pasatu zitzaielako oharkabean; edo behingoagatik biharamuneko etsamina prestatzen etxean gelditu zelako, manifestaziora joan ordez. Nolanahi ere, ez zegoen meritu handirik egin beharrik atxilotua izateko. Eta atxilotua izanda, torturatua izateko. Nahikoa zen «politikan sartuta ibiltzea» arriskuan egoteko, edo politikan zebiltzan senideak edo lagunak edukitzea. «Politikan ibiltzea», jakina, ez zen erakunde edo mugimendu politiko (jakin) batean ibiltzera mugatzen; edo legez kanpo egon zitezkeen ekintzak egitera. Egunkari eta irrati batzuetan lan egitea ere, adibidez, meritu nahikoa zen, gero ikasi genuenez (bide batez, salbuespen legeek indarrean segitzen dute, eta epaile entzungor eta itsuak ministro dira abertzaleek babestutako gobernuan, baina beste kontu bat da hori).

Gauzak horrela, bik baino gehiagok izango dute txiripaz libratu izanaren sentipena. Nik ez nuen ba nire anaiak edo nire lagunak edo nire alabak baino askoz meritu gutxiago egin –pentsatuko du hainbatek–, eta hemen nago, sekula ukitua izan gabe. Sei mila inguru dira zenbatutako tortura kasuak. Beste hainbeste izango dira, eta motz geratuko naiz, txiripaz libratu direlako sentipena dutenenak. Bizirik iraun duenaren moduko errua sentitzen dute, torturaren eguna bezalakoetan; eta, egiazko justiziarik ezean, irri isila egingo dute agian, benetako errudun batzuk zorioneko covid-19ak ezustean eraman dituela eta.

Bilatu