Edo zaurgarri baina erresiliente; «zaurgarri» hitzaren esanahitzat zein hartzen den. Hitza anbiguoa baita, hiztegien arabera. Euskaltzaindiarenak dio esan nahi dezakeela «ahula, erasotzen erraza dena». Hori da burura etorri zaidana, hitza irakurri dudan testuinguru gehienetan. Baina «zaurgarri»-k min ematen duena, zauritzen duena, esan nahi dezake. Oso gutxitan irakurri dut esanahi horrekin erabilita; baina, nolanahi ere, askotan, gehiegitan, irakurri dut azken aldian.Lehen ere esana daukat beste nonbait: hitzak, beste hainbat gauzaren antzera, gehiegi erabilita, gastatu egiten dira; hasieran erakutsitako erakargarritasun eta balioa galdu; itsustu. Hori pasatu zaio «zaurgarri»-ri nire irakurle bizitzan. Literatura-lanen batean irakurri nuen behin, eta gero beste behin, eta beste behin. Eta beste literatura-lan batean eta hurrena bestean. Eta gero egunkari batean. Eta gero bestean. Eta aldizkari batean gero. Gaur ere egunkari honetan berean baietz gutxienez hirutan topatu? Eta galdetzen dut: ez al dago inor ahula denik, besterik gabe? Edo kaltebera, adibidez? Denak al dira zaurgarri? Alkohola daukaten edariekin egiten duten bezala, «zaurgarri»-ren erabilera eta kontsumo arduratsua aholkatuko nuke nik.«Zaurgarri», hasieran, hitz polita egin zitzaidan sikiera. Baina «erresiliente» eta «erresilientzia» ez; ezta batere. Ez al dira itsusi baino itsusiagoak? Latinetik egin omen zuten jauzi ingelesera, eta hortik gaztelaniara, eta gaztelaniatik euskarazko testu batzuetara, baina ez hiztegietara (ez Euskaltzaindiarenera behintzat). Ea hor kieto geratzen diren. Iritzi artikuluetan topatu ditut nik gehiena. Ikusiko diete bertuteren bat, noski, horrenbeste erabiltzen dituztenek; beste hitz batzuekin taxuz adierazi ezin daitekeen zerbait. Nik ez. Ea lehenbailehen ahazten ditugun. Horixe espero dut. Eta, erresilientzia baino, ea erresistentzia goraipatzen dugun, oraintsu arte bezala. Zaurgarrienen alde, erresiliente izaten saiatu ordez, ahulenen defentsan, erresistentziari eutsi. Hala bedi.