Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Zer ari da pasatzen?

Erantzunik gabeko galderak pilatzen ari dira: EHUn garatutako PCR testak zergatik ez ziren erabiltzen hasi? Zergatik Gabonak ospatu behar hori? Zergatik osasun-arduradunen kargugabetze etengabea?

Hilaren 13ko egunkari batean irakurri nuen otsailaren erditik aurrera hasiko zirela EAEko osasun langileei txertoa jartzen. 15eko beste batek zioen autonomia-erkidego horixe bera zela aurrena, atzetik hasita, txertatutako populazio-portzentajean. Horrenbeste kontu txertoa 2020a bukatu aurretik ere hemen izango genuela, hotzean gordetzeko azpiegitura Hernanin bertan geneukala, eta hau eta beste, eta zer eta, oposizio publiko endogamikoetan ez eze, oinarrizko arretan mundu mundialeko aitzindaria omen dugun Osakidetza ez da gai dauzkan txertoak azkar eta prestu erabiltzeko. Zer ari da pasatzen?

Euskal Erdiko «hagintariek» burua beste nonbait izan dute pandemiaren hasieratik beretik. Hauteskundeak ziren lehenbizi, enpresaburu handienen interesak gero, edo aginte bakarraren itxurak egin beharra; pandemiaren aurrean herritarrak babestean ez beste zerbaitetan izan dute beti burua. Eta lehentasunen aldrebeste hori kutsatu diote beste hainbati ere.

Euskal Erdiko unibertsitate publikoan, EHUn, ez dira (ez gara) osasun publikoari egin diezaioketen (diezaiokegun) ekarpen nagusiaz kezkatu, edo bertako langileen eta ikasleen osasunaz, nola edo hala irakaskuntza aurrez aurre gauzatzeaz baizik. AEBetan, Kanadan eta Erresuma Batuan, esate baterako, itxita daude unibertsitateak. Beste toki askotan, irekita daudenetan asteroko probak egiten dizkiete irakasle eta langileei. Gurean ez. Kutsatuen berri zurrumurruek zabaltzen dute; aztarnarien aztarnarik ez dago; maskarak ere ez ziren abendu arte sistematikoki banatzen hasi. Zergatik saihestuko dituzte ba milaka ikasle eta irakasleen joan-etorriak etxetik campusetara?

Erantzunik gabeko galderak pilatzen ari dira: EHUn garatutako PCR testak zergatik ez ziren erabiltzen hasi? Zergatik Gabonak ospatu behar hori? Zergatik osasun-arduradunen kargugabetze etengabea? Noizko bukatu asmo dute txertatze prozesua?

Bitartean, Euskal Herriak Europako heriotza-tasa handienetakoa izaten jarraitzen du, «hagintariek» berean jarraitzen dute eta guk ez diegu burua lepoz aldarazten. Horixe ari da pasatzen. Eta gehiago.

Bilatu