Kepa Korta
Kepa Korta
Filosofiako irakasle eta ikertzailea

Zutabe gorrotagarri bat

Liburu batean gauza gutxi dago erabilgarriagorik indize on bat baino. Horregatik, zaila da ulertzen euskal editoreek zergatik ez dioten horri erreparatu

Konparazioak gorrotagarriak direla diote, baina nik egin egingo dut bat. Ez dakit horrek zutabe hau gorrotagarri bihurtuko duen. Espero dut ezetz.

Irene Vallejoren “El infinito en el junco” (Infinitua ihi batean) azken urteotako libururik gainestimatuenetakoa da. Hala begitantzen zait niri. Irakurri dudan gutxian, hanpurutsua, errepikakorra, gatzgabea eta aspergarria egin zait. Hori da ideia on bat, liburuzale ororentzat erakargarria dena –liburuaren sorrera eta historia–, alferrik galtzea. Irakurri eta entzun ditudan iritzi gehienak ez datoz bat –aitortzen dut–, baina zer egingo diogu ba.

Aldiz, inguruan ez dut irakurri, ez entzun, beste liburu honen aipamen txikienik ere: Dennis Duncanen “Index, A History of the” (Indize, -aren Historia bat). Ideia berez liburuzaleentzat baino liburu-frikientzat da interesgarria; baina zorrotza, azkarra, dibertigarria eta ustekabez betea da. Indizeen sorrera eta historiaren informazio harrigarria emateaz gain, indize analitiko edo gaikako indizeen aldeko defentsa sutsua egiten du. Indizerik batere egiten ez den herrialde batean, komenigarria izan daiteke argitzea indizea eta aurkibidea edo edukien taula ez direla gauza bera. Edukien taula da kapituluen eta atalen eta haien hasierako orrialde zenbakiaren berri ematen duena. Horrek liburuaren egituraren berri ematen digu llabur. Horrez gain, herrialde zibilizatuetan, ohikoa da ez-fikziozko liburuetan indize onomastikoa eta analitikoa gehitzea bukaeran, azaltzen diren pertsona eta toki izenen eta gai nabarmenen zerrenda alfabetikoa eta bakoitzaren orrialde zenbakiarekin.

Liburu batean gauza gutxi dago erabilgarriagorik indize on bat baino. Horregatik, zaila da ulertzen euskal editoreek zergatik ez dioten horri erreparatu. Nik ez dut esperantza galduko eta eskaera berrituko diet: has zaitezte, mesedez, euskal saiakera liburuetan indize onomastikoa eta analitikoa sartzen. Ekintza iraultzailea izango litzateke euskal liburugintzan. Eta, zergatik ez, hurrengo azokarako ekar iezaguzue Duncanen liburuaren euskarazko bertsioa ere. Frikiok eskertuko dizuegu.

Bilatu