Ainhoa Güemes eta Zaloa Basabe Blog
Ainhoa Güemes eta Zaloa Basabe Blog

Kuiar Manifestua

> «Ez da arraroa, berezia da»

 

> Hau plazera, xalotasunez eta haragikortasunez beteriko pasarte bakoitza!

 

> Kuiarra izatea beste planeta batekoa izatearen hurrena da: «Ez gara mundu honetakoak»

 

> Eta horixe da kuiar arraroa izatearen onura, zeure mugarik gabeko irudimenak legezkoa denaren eta araututakoaren periferiara bultzatzen zaituela, errudun sentiarazi gabe

 

> Neure izaeraren gordintasuna, neure lumaren lotsagabekeria, neure ohitura nahasiak eta besterekin harremanetarako dudan berezko naturaltasuna ere

 

> Sekula frekuentziarik onena lortu ezina, normaltzat eta atsegingarritzat hartzen dena

 

> Behin eta berriz atzera botatako nire ahotsarentzat ezegokiak ziren rolak

 

> Gidoiari emaniko itzuliak, linealtasun espresiboa hausteko irrika bizi hura

 

> Neure barreneko ahotsaren eta buruko ahotsaren autokontrol hori, doinu jario kontziente eta kaotiko hura

 

> Kuiarra naiz disonantea naizelako

 

> Kuiarra izatea konposizio polifonikoak sortzea da

 

> Kuiarra izan nahi dut. Bitxia naiz. Jada ez dago ezer nire martxa arranditsua oztopatuko duenik

 

> Bizirik irauteko jaioa

 

> Kuiarra izatea uhin konplexu bilakatzea da

 

> Oharkabeko astindu bat, zerbait erritmikoa

 

> Kuiarra izatea burrunba bolkanikoa eragitea da, sismo magmatikoa azalaren parean

 

> Kuiar bilakatzea da ehun giltzarrapoz itxitako kaiolatik at bizitzea

 

> Kuiar errenditzea da laino guztien gainetik aurrera egiteko gaitasuna

 

> Kuiarra zarela aldarrikatzea da plazerez kantuan eta dantzan aritzea, bizitzak sorkuntzarako duen gaitasuna baiestea

 

> Bizitza benetan ederra da, baina mundu armatu, krudel, dikotomiko, absurdo eta androzentriko hau guztiz tamalgarria da

 

> Sentsazio irmoa eta arraroa, kuiar samarra. Ikuspegi horrek lainotu egiten du paisaia

 

> Kuiarra izatea zitalkeriaz hausnartzea ere bada, eta lesbofobiaz, misoginiaz, eta biolentziaz ere bai. Kuiar bihurtzea mingarria da, baina askatu egiten gaitu

 

> Eztarrian nahaspilatzen zaizkigun anormaltasunak; irentsi ezineko korapilo latza

 

> Guztiz jabetzen naiz mugez eta itsukeriez

 

> Kuiar bilakatzea arin eta aldabera bihurtzea da, ekimenak eta mugimenduak arinduz

 

> Damu zeihar batekin, eta plazer desbideratuarekin, ekaitzaren ondotik aterraldi atezua datorrela antzematea lakoa litzateke

 

> Zakar eta indartsu. Olatu asaldatzaile eta istilu artean aztoratutako giharren konbultsioa

 

> Egoera polemiko eta liskartia. Bortitza. Neurriz gaindikoa

 

> Askatasunaren eta premiaren arteko borroka klasiko honetan, subjektu sortzailea opakoa eta ahula da, eta bere azala beste edonorena bezain sentibera

 

> Beste gorputzak maite dituen gorputza

 

> Eguzkiaren argi zabal eta arriskutsuari irekia, lurraren zilborrari lotua

 

> Mutazio askatzaile hark betiko aldatu ninduen, inozentzia zatia galdu bainuen

 

> Nork bere buruaren dimentsio fisikoak aldatu nahian

 

> Barneko arima arriskuan jartzen dugu, subjektua ez baita bere baitan izateko gauza

 

> Magikoki eraldatuta sentitzen da, errealitateak beste zerbait bihurtu dela nabarmentzen badu ere

 

> Norberaren izanaren eraldaketa magikoa bultzatzen duten bizi-indarrak berretzen dira

 

> Emankizunak sorrarazitako izugarrizko txundidura: lurzorua mugitu egiten da

 

> Inoiz ikusi gabeko gauzak ikusi ahal izateko argitzen du egunak, eta zerua aureola baten oinarri higikorra da

 

> Hauxe da, erabateko eraldaketa magikoan murgilduta dagoen kuiar galaxian bizi nahi izatea

 

 

Gernikako Astran aurkezturiko ‘Kuiar Manifestua’, 2014an

Ainhoa Güemes

Bilatu