Ainhoa Güemes eta Zaloa Basabe Blog
Ainhoa Güemes eta Zaloa Basabe Blog

Zientzialari feminista bat gure artean

Elkarrizketa (iturria: berria.info): Zientzia gidatzen duten hariak

> Iñigo Astiz:

(...)

Feminismotik jaso zuen Enkarni Gomezek lehen hari muturra. Eta bitxia da egin duen ibilbidea. Hark ere aitortzen du. «Ni ingeniaritzatik  heldu naiz feminismora. Eta ez feminismotik ingeniaritzara. Karrera bukatuta ohartu nintzen ikasgelan oso neska gutxi ginela. 200 ikasleko gelan hamabi neska baino ez ginen izango. Halako gaiei buruz hasi nintzen gogoetan, eta Carmen Magallon izeneko fisikari bat ezagutu nuen. 1996ko martxoan, Genero Zientziari eta Teknologiari Buruzko Lehen Kongresu Iberoamerikarrera gonbidatu ninduen. Hala egin nuen topo mundu harekin. Ikasle ona izana naiz, eta sekula ez nituen zalantzan jarri halako gauzak. Baina ohartu nintzen ez dela soilik zientzian neska gutxi daudela; horrek eraman ninduen zientziaren barruko estrukturak ikertzera».

Historiari, literaturari eta antropologiari kritika zorrotzak egin dizkiete feminismoak eta postkolonialismoak, besteak beste. Halakoen aurka babestuago dirudi zientziak, ordea. Zergatik?

 

> Enkarni Gomez:

Antropologian, biologian eta beste hainbat esparrutan egon da jarrera kritikoago bat, bai. Zientziaren makineria, ordea, oso boteretsua da. XVIII. mendean ez zen soilik zientzia iraultza bat gertatu, gizarte iraultza bat ere egon zen, eta zientziak erlijioaren papera hartu zuen, neurri batean. Zientzia jainkotu egin da gaur egun. Eta eraso kritikoen aurkako kontentzio handia eskaini dio horrek. Gainera, aitortzen zaion objektibotasun horrek babesten du. Eta, gainera, zientzia esperimentalek hori dute haien defentsan, sagarra erori egiten dela. Zuk zientziaren eraikuntza zalantzan jartzen duzunean, halakoen defendatzaileek beti jotzen dute argudio horretara: «Baina sagarra erortzen da ala ez?», galdetzen dizute. Eta bai, noski, erori egiten da. Baina ez da hori zalantzan jar daitekeen gauza bakarra. Gai gehiago daude.

 

Objektibotasun asmo horren inguruan, zuk argi esaten duzu zientzialari feminista zarela.

Nik argi eta garbi esaten ditut nireak, bai. Zientzialari feminista naizela, eta sozialista, eta... Beste batzuek ez dituzte erakusten beren abizenak, baina, noski, badituzte.
Defentsa sistema eraginkorra da sagarrarena, baina harentzat ere handiegiak dira galdera batzuk. Onargarria al da arma industriak milaka milioi euro jasotzea, eta hainbat gaixotasun sendatzeko botiken bilaketarako emandako dirua eskasa izatea? Martera espaziontzi bat bidaltzeak zer kostu du bestelako ikerketentzat? Nork erabakitzen du zer ikerketa ildo bultzatu, eta zein baztertu? Zergatik? Azken finean, zerk edo nork gidatzen ditu hariak? Erortzen jarraitzen dute sagarrek, baina ez dakarte erantzun argirik. Eta hor jartzen du begia Gomezek. «Askotan, ez da emaitza esperimentala bakarrik jarri behar zalantzan. Egungo ikerketa zientifikoak jadanik ez dira XVII. mendekoen gisakoak. Ez da teorien arteko eztabaida hutsa. Aplikazioak ere hor daude, eta kontuan hartu behar dira. Gaur egun, ezin da hitz egin zientziaz bakarrik, hitz egin behar da teknozientziaz. Izan ere, korapilo sozio-politiko-ekonomiko handi bat da zientzia. Funtsa da zientzia teknozientzia gisa ulertzea. Aplikazioak ulertu behar dira ulertzeko eredua. Eta hor sartzen da politika. Zer ikerketa indartu eta zein ez? Hori da lehen galbahea».

Hutsune bat aipatu du Gomezek. Nabarmena. Beste ikasketetan egoten da deontologia edo etikari eskainitako atal bat, baina zientzia puruetan ez da ohikoa izaten. «Medikuek pertsonekin egiten dute lana, eta presente dute beren ardurari buruzko diskurtsoa. Ingeniari batek errepideak egiten ditu, ordea, eta, errepidea ongi eginez gero, ez da arazorik izaten. Ingeniariok ez dugu gure gizartearekiko arduraren ideia gure egin. Askok uste dute kalkuluak ongi egitea eta metodologia jarraitzea dela gure deontologia, baina beste aspektu asko falta dira. Egituratuago egon behar luke etikari buruzko ikasgaiak zientzia ikasketetan».
Mahomarena egitea suertatzen zaio horregatik. Inork mendira joan nahi ez badu, mendia hurbildu behar jendeari. Dibulgazioa erabiltzen du amu gisa. Horretarako osatu zuen teknika munduko hemezortzi ikerlari, asmatzaile eta zientzialariri buruzko erakusketa. Emakumezkoak dira bertan ageri diren guztiak. Unibertsitateko eskaileretan jarri zuen ikusgai hasieran, baina nomada bilakatuta dabil azkenaldian. Herriz herri. Hitzaldiak ere ematen ditu haren kontura, eta pozik dago. Troyako zaldi baten modukoa da erakusketa: «Ardurari buruzko gure diskurtsoa ez da erraz hedatzen, baina emakume hauei buruzko erakusketa bai. Nahikoa arrakasta izan du. Horregatik, ardurari buruzko gogoetak hedatzeko bide ederra bilakatu da erakusketa, azkenean».

Alde du haizeak zientziaren parekidetasunari buruzko mezuak, eta baliatu egiten du Gomezek bultzada. Klase kideei entzunda, ezagunak ditu unibertsitate garaiko irakasleen komentario matxistak. «Zer zatoz, mutil-lagun bila?»; «Ez ikasi ingeniaritzarik, ikasi idazkaritza, eta aurkituko duzu ingeniaria den senarren bat». Kritiko mintzo da, halere, parekidetasunari buruz. «Garrantzi handia eman zaio denbora luzez zenbakizko berdintasun bat lortzeari. Nik inoiz ez dut izan kezka hori. Gainera, nik ez dut zientzia eredu hau elikatu nahi. Hori da funtsezkoena, eta, beraz, sistema hau elikatzeko ez dut nahi ez emakumezko ez gizonezkorik. Gizarte ereduari buruzkoa da nire kezka orain, eta haren barruan ikusten dut berdintasunarekiko kezka». Dioenez, sakoneko eztabaidari heldu ezean, gainera, marketin kanpaina baten antzekoak dira parekidetasuna bultzatzeko ahalegin instituzionalak. Estalkia aldatzen da, baina produktu bera saltzen dute: Lehengo bonba suntsitzaile bera, baina orain bi aldiz parekideagoa.

Badira ikuspegi optimistagoak ere. «Emakume gehiago sartuz gero eredua barrutik aldatzeko aukera gehiago dagoela uste dute batzuek. Baina nik ez dut horrelakorik sinesten. Nire ibilbidean ez dut halakorik ikusi. Alderantzizkoa bai. Sartzen dira emakumeak zientzian, eta egungo zientzia eredura hurbiltzen dira, eta errepikatu egiten dute, gehien-gehienetan. Berdintasuna lortu nahi dudala? Noski! Baina berdindu zeri? Egungo zientzia eredu txikitzaileari? Ez».

Funtsean, bere buruari aurrez aurre begiratzeko beldurrik ez duen zientzia bat nahi du Gomezek. Objektibotasunaren liluraz aske, harien mugimenduak zalantzan jartzeko gai den zientzia bat.

 

Bilatu