Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Arrastoa

Aztarna, zantzua, seinalea, eta segun eta zein testuingurutan oinatza edota lorratza ere bai. Euskarak baditu, aipatutakoez gain, makina bat hitz ezerk edo inork uzten duen arrasto hori izendatzeko. Umetan, hondartzan sarritan aritzen nintzen oraindik ere umel zegoen hareatan nire oinatzak utzi eta segundo bakar batzuetan nola loditzen eta forma galtzen joaten ziren begira, ohikoa zen jolasa. Atzera begirada horretarako ohitura galdu, eta begi eta buruak aurrerantz jarrita ibiltzen ikasten dugu gero, harik eta iraganetik danba, eta arrastoetako batek urdailetik danbatekoa eragiten digun arte.

Barruko arrasto horiek ez dira beti txarrak izaten, noski, baina arrasto baino orban itxuran mantentzen direnak dira, hain justu, burrunbarik handiena sortzen dutenak berriz ere berritzen direnean. Hala esan zidan orain gutxi katramilatutako edota ondo osatu gabeko orban horiek xamurtzen lan egiten duen pertsona batek, eta iragana modu selektiboan oroitzeko dugun joerarekin ere badu zerikusia, antza.

Aspaldian ez zuten horretarako behar edo aukerarik, baina, hain justu, xamurtze horretan gozo iltzatuko zaizkigun bizipenak pilatzea da gaur oporraldien helburuetako bat, eguneroko zurrunbilotik irten eta haize berriak aurpegian jo gaitzan lortzea. Horretarako, plangintzak, erreserbak, maletak eta bestelako lan guztiak, denboratan irribarre batekin gogoratuko ditugun uneak pilatzeko, mugikorraren kamerako oroitzapenean, baina batez ere buru eta urdailean. Gakoa da horien bila gabiltzan bitartean ez ditzagula nahi baino arrasto gehiago utzi, edota une gozoak ez daitezela garratz izan beste batzuentzat; bisitatu, ezagutu eta gozatzen ditugun parajeak enpatiaz tratatzea, besteen etxeak gureak zaintzea nahi genukeen bezainbeste goxatzea, ingurua, jendea, ohiturak, kuttunak dituztenak begirunez tratatzea eta babestu nahi dituztenak zaintzea. Izan ere, sarritan ezin dugu ezerk edo inork gugan utzi dezakeen arrasto hori guztiz zuzendu, baina guk uzten dugun hori txikiagotu bai.

Bilatu