Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Asmatzeaz

Aspaldi honetan itsu-itsuan eta behar beste daturik gabe aritu garela antzeman dut, pandemiak gogorren jo gaituenean, esaterako, eta horrek ezinegona, erabakiak hartu ezina eta haserreak eragin ditu.

Orain egun gutxi ikasle batzuk, erdi brometan, kartak botatzen eta azterketa batean lortuko zuten nola aurreratu nahian entzun nituen. Taldean ari ziren bati eta besteari etorkizunak zer zekarkion aztertzen. Batek ozta-ozta gainditu behar zuen, eta besteak, berriz, hirukoa lortuko zuen, antza, azterketan. Ez dakit kartek ala haiek irakurri nahian zebilenak, zeinek zuen gupida gutxiago.

Askotan sentitu dut nik ere etorkizunera gerturatzeko nahi hori: une batzuetan, orainaren ilunak uxatuko direla ziurtatu nahi izan dudalako; beste batzuetan, besterik gabe, pazientzia ez delako nire dohainetako bat, eta etorriko den baina oraindik iritsi ez den erabaki hori ezagutu nahi izan dudalako. Hala ere, ez dut inoiz nire burua etorkizuna iragartzeko baliabideetako bakar baten aurrean jarri, ez brometan ez serio, beti pentsatu izan dudalako esan edo entzundako horrek baldintza zezakeela nire gogo eta jarduna ezinbestean. Adibidez, jakingo banu gaur egun dudan arazo bat konponduko dela, lasaituko ninduke bai, baina, agian ez nituzke arazo hori gainditzeko oinarrizko diren gaitasunak behar beste garatuko eta horrek ere badu garrantzia.

Oso bestelakoa da erabakiak hartzeko nahikoa informazio izatea edo duguna argia izatea, horrek ere guztiz baldintza ditzakeelako gure pentsakizuna eta jarduna. Aspaldi honetan itsu-itsuan eta behar beste daturik gabe aritu garela antzeman dut, pandemiak gogorren jo gaituenean, esaterako, eta horrek ezinegona, erabakiak hartu ezina eta haserreak eragin ditu. Azkenaldian, ekonomiaren gora-beheren inguruan ere beste hainbeste sentitu dut. Zer gertatzen den ozta-ozta ulertuta ere, zergatik gertatzen den jakitea da erabakiak hartzeko gakoa, eta beti ez dira erantzun zuzen eta asetzeko modukoak aurkitzen.

Herritarroi kritikotasuna garatu, informazioa eskuratu eta haren baitan jardun eta erabakiak hartzea eskatzen zaigu, baina ahaleginak eginagatik zaila da asmatzea; izan ere, zer gertatzen da datu eta datu artean ematen zaigun informazioa hori eskasa, aldrebesa eta, gainera, interesatua bada?

Bilatu