Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Aukera eta ezagutza

Eremu askotan sentitzen gara gizonak baina deserosoago, eta ustez arrazoian, ebidentzian eta azterketan oinarritzen den zientzia eremua ez da salbuespena. Datorren astean ospatuko da beste urte batez Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko eguna. 2015ean onartu eta 2016ko otsailean egin zen estreinakoz eta orduz geroztik gaia agendan jartzeko, bederen, balio izan du urteroko zita honek. Zientzia bokazioak sortzea da garatu diren jarduera ugariren funtsa; izan ere, oraindik desberdintasunak daude ikasketak aukeratu behar direnean eta, oro har, emakumeei kostatu egiten zaigu ezagutza arlo batzuetara gerturatzea, gizonei beste batzuetara gerturatzea kostatzen zaien bezala. Hor bada, beraz, zer hausnartua eta zer egina.

Baina helburua gerturatzera mugatzen badugu soilik, nekez erantzungo diegu emakume hainbatek zientziaren eremuan topatzen dituzten zailtasunei, besteak beste,  erantzukizun karguak hartzeko, ikerketa eremuan errekonozimendua lortzeko edota haren emaitzak gizarteratzerakoan sor daitezkeen zailtasun eta beldurrei aurre egiteko. Azken honi eutsita, abenduan argitaratu genuen ikerketa baten arabera, zientzia gaiez aritzen diren ikertzaileek eraso hainbat jasotzen dituzte, baina emakumeen artean ohikoagoak dira. Gehiago eta desberdinak. Itxura fisikoari lotutako iruzkinak sarriago jasotzen dituzte, baina horiei garrantzia kentzea uste dut errazagoa dela. Kezkagarria zientziarako duten gaitasuna zalantzan jartzen duten eraso eta komentarioak dira, horiek sarri deseroso zaigun eremuan are eta ezegonkorrago sentiarazi gaitzakete eta. Ikerketa, batez ere, datuetan oinarrituagatik, zientzialari hainbatek deskribatu dituzte bizitako egoerak, eta horietako batzuk zer pentsa emateko modukoak dira, gogorrak direlako eta sor dezaketen mina handia delako. Pertsonalki eragiten dute, baina baita gizarte mailan ere; izan ere, behar dugu ikerketa, inori sarbidea eta aukerak ukatu gabe, eta behar, halaber, sortu duten ezagutza zabaltzea, bideak eta, batez ere, bermeak eskainita, gerturatu ostean gera daitezen.

Bilatu