Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Bakarrizketan

Datuek berretsi dute aukeratu gabeko bakardadeak eta hark eragindako kalteak pairatzen dituzten pertsonen kopuruak gora egin duela. Adinekoak eta bakarrik bizi direnak dira horietako asko.

Aspaldian ikusi nuen lehenbizikoz bakarrik hizketan. Orduan baxu eta ia ahapeka ari zen, elkarrizketa pausatuan. Bere buruari mintzatzen ari zitzaiola pentsatu nuen, edota ahaztu nahi ez zituenak gogoratu nahian eta ari zela pentsamenduak ahoratu zitzaizkiola. Nik ere izan dut noiz edo noiz burutazioak ahoskatzeko premia; ohartu gabe egin dut batzuetan eta, apropos, inoren aurrean jarri eta esan beharrekoak antolatzeko ariketa modura beste batzuetan. Eta lotsatu naiz eta barregarri sentitu naiz inork ikusi nauela sentitu dudanean. Ikerketek diote, ordea, onuragarria dela bakarrizketan edota isil-hizketan aritzea eta pentsatzen dugun horri ahotsa ematea ere bai, geure burua forman mantentzeko eta zailtasunei aurre egiteko baliabidea izan baitaiteke.

Azkenekoz ikusi nuenean, ordea, hitzei keinuak gaineratuta ari zen; hizketan baino eztabaidan ari zela zirudien eta elkarren ondotik pasatakoan ere ez zuen eten jarduna. Osasuntsua izanagatik, aukeratua ez den bakardadearen ondorio ere izan zitekeela pentsatu nuen, adineko emakumeak urteak baitaramatza bakarrik bizitzen. Edo, agian, ez, bakarrik bizitzeak ez duelako nahitaez bakardadea eragiten. Bakarrik egotea edo sentitzea ezer bada subjektiboa da, horretarako besteen begietara arrazoi gehiago ala gutxiago izan.

Edozein kasutan, datuek berretsi dute aukeratu gabeko bakardadeak eta hark eragindako kalteak pairatzen dituzten pertsonen kopuruak gora egin duela. Bai, adinekoak eta bakarrik bizi direnak dira horietako asko, baina arazoa ez da hor bukatzen, labainkorrak eta ahulak diren harremanak dituztenak ere bakarrik sentitzen direlako, izan heldu ala gazte. Bakardadea ez baita erlazioen zenbatekoarekin bakarrik neurtzen, horien sendotasunarekin eta eskaintzen diguten babesarekin ere bai. Kalean ikusitako adineko emakumearen pare, gero eta sarriago, erabat konektatuta eta etengabeko hizketaldi birtualean jendea, baina ondo norekin ari den jakin gabe.

Bilatu