Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Balioa eman

Eremu profesionalean emakumeok bidea jada zamatuta abiatzen dugu. Baina zakua nabarmen handitzen da norberarenak ez diren zaintza premiak eransten zaizkionean.

Aspertuta egotea ez dela txarra edota asperdura bera probetxugarria izan daitekeela esaten diegu haurrei, baina diskurtsoak eta praktikak ez dute bat egiten. Batetik bestera eta urri sentitzen dugun denborari ahalik eta zuku gehien nola aterako ekilibrista lanean ari garenean ahalegintzen garelako sarri irakaspen horiek ematen, garrantzizko edo ezinbesteko sentitzen ditugun eginbeharren eta egin nahiko genituzkeenen arteko orekarik gabeko dantzan. Denboraren kudeaketa ona egitea baliagarria bezain zaila da, eta haren inguruan mintzatzea sarritan kaltegarria. Guretzat, norberaren zaintzarako, tarterik hartzen ez badugu, denboraren antolaketa modu onean egiten ez dugun seinalea omen. Esan diezaietela hori egunari orduak lapurtzen ere ikasia dutenei, jardun horretan trebezia asko pilatu duten makina bat emakume ezagutzen ditut, eta eurentzat tarte handirik topatu gabe haietako asko.

Lan merkatuan zein handik kanpo egiten ditugun lanak ez dira ondo ezkontzen, eta ez dira ezkonduko haietan ari diren edo aritu beharko luketen aktore guztiak inplikatzen ez badira; gizarte gisa ondo josten diren puzzlearen piezak elkartu behar dira, eta baliabideak eman duintasunez zaindua izateko eta horretan ari direnen eskubideak bermatzeko, balioa eman.

Gainerakoan, nork bere estrategiak garatzeko, kontraesanak apaltzeko eta mugak gainditzeko ahaleginean jarraituko dugu. Anbizioa eskatzen zaigu, geure buruari mugarik jarri gabe aritzea, baina anbizioa zigortuta eta bidean muga asko jarrita. Eremu profesionalean emakumeok bidea jada zamatuta abiatzen dugu, jasotako genero aginduek baldintzatuta. Baina zakua nabarmen handitzen da norberarenak ez diren zaintza premiak eransten zaizkionean. Maitasunari lortzen zaio zaintza, eta ez da aintzatesten; bitartean, bizitzako beste eremu batzuek baldintzatu gabeko askatasunarekin neurtzen da pertsonon inplikazioa. Baliabideak behar dira, noski, baina baloreei ere erreparatu behar zaie eta, bide batez, ekuazioan apenas agertzen den norberaren zaintzari dagokion tokia eta balioa eman.

Bilatu