Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Barrea

Beti elkarrekin ez doazen arren, barreari estu lotua, umorearen balioaz ere ikertu da sarri eta badira espezifikoki haren inguruan aritzen diren ikerketa taldeak

Barreak barrea eragiten du eta kutsagarria den elementurik ederrenetariko bat da. Ezagutzen ditut parean jarritakoaren barrea eragiten etengabe ahalegintzen direnak eta, sarritan, barrea ez beste erantzun bat eragiten dutenak. Une batzuetan, eta segun eta zein den zure gogoa, barre egitea zaila delako-edo nik, behintzat, ez dut asmatzen. Badira, bestalde, inorekin baino parean jarritakoaz barre egiten dutenak. Orokorrean, ordea, barrea soinu eta keinu multzo lasaigarria iruditzen zait; ederra entzun eta ikusteko, eta erabat erlaxagarria inori barru-barrutik sortzen zaionean. Horregatik agian saiatzen gara haurrei etengabe irria eragiten, barrea atsegina zaigulako. Ezin da aurreikusi zerk eragin dezakeen, baina edozein kasutan, osasunerako mesedegarria da.

Orain gutxi irakurri dut, ordea, haurrek egunean batez beste 300-400 aldiz egiten dutela barre eta helduek soilik 10-15 aldiz; bada aldea eta kaltea. Bistan da zenbat eta helduago barreari orduan eta muga gehiago jartzen dizkiogula edo hain pertsonona den gaitasun hori galtzen dugula nolabait.

Beti elkarrekin ez doazen arren, barreari estu lotua, umorearen balioaz ere ikertu da sarri eta badira espezifikoki haren inguruan aritzen diren ikerketa taldeak. Izan ere, osasunerako mesedegarria ez ezik, heziketa prozesuan ere badu zeresana, emozio positiboak lotuak daudelako, antza, gaitasun kognitiboekin eta pertsonok arazoei aurre egiteko dituugun ahalmen eta baliabideekin. Umorearen bitartez zabaltzen eta jasotzen diren mezuei ere erreparatu behar zaie. Jakina da ia oharkabean, sotil, igortzen direla kalterako diren ideia eta usteak eta behin baino gehiagotan gogaitu gara handik edota hemendik jasotako eta graziarik apenas egiten duten txisteekin. Baina bestelakoak igortzeko umoreak duen potentzialtasuna ez da agian behar beste nabarmendu, irakatsi digutelako orokorrean zenbait kontutarako serio jarri behar dugula. Asmatu ezina ere izan daiteke, umoretik aritzea ez delako errazena, baina osasungarriagoa, probetxugarriagoa eta atseginagoa bada behintzat.

Bilatu