Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Beldurra

Suaren garrari begira, ia nahi gabe gogoratu ditut umetan bizitutakoak. Orduan herriko bazter guztietan pizten ziren eta lehia moduko bat sortzen zen nork handiagoa egingo. Horregatik, eskolako azken egunetan arratsaldez eskolarik ez genuenez, bazkalostetik ilunabarreraino sutarako materialen bila aritzen ginen  eta horietako asko ez ziren, ez, erretzeko aproposenak, baina pila sendotzeko balio bazuten, balekoak genituen. Gaur suak urriagoak, antolatuagoak eta txukunagoak dira, bai, behintzat, herritarren bistarako jartzen diren horiek, eta aspaldiko errituen traza handiagoa hartua dute agian.

Halako bat ikusi dut aurten: dantza, musika... Piztu eta sugar indarretan azkar erre da, egur makila lehorrak eta ikasleek ahaztu nahi dituzten liburu, apunte eta fitxak baino ez baititu batu. Ke handik gabekoa, baina magiarik eta berezitasunik ez du galdu horregatik. Suaren bueltan, begietan txinpartak islatuta, nork bere baitan hausnartu ditu sutara bota nahi lituzkeenak, sobera eta kalterako ditugun pentsamenduak erre, emankor eta onuragarriagoak direnei tokia egiteko.

Nik beldurra bota nahi izan dut, gure burua arriskuetatik babesteko mekanismo gisara aurkezten zaigun emozio horrek lotu egiten gaituelako, eta ezagutu genitzakeen bidexka berriak itxi. Ezagutzen dugun horri beldurra diogu, baina ezagutzen ez dugunari ere bai, agian iritsiko ez den baina iritsi daitekeen horri, imajinazioaren mugetan dabilenari.

Beldurrari aurre egin behar ziola esaten diegu haurrei, gainerakoan haize ematen zaiolako, handitu; baina bitartean ohartzen gara badela gugan sarritan hauspotzen dugun beldurra, akats egiteari eta besteen begietara txiki agertzeari dioguna eta emakumeon artean ohikoagoa dena. Udako irakurgaien artean jarri dut aurten Emma Vallespinos idazle eta kazetariaren "No lo haré bien" liburua. Ez dut formula magikorik topatuko, autoreak berak zintzo dioelako sarreran, baina beldur horren erraiak, muinak eta sortzen dituzten bizipenak ezagutzeak hustuko ote duen esperantza badaukat.

Bilatu