Ez dakit ziur zenbat urterekin, baina udan ikusi nuen telenobela hura. Gerora uste dut bakar bat ez dudala osorik ikusi, ez, behintzat, izen horrekin emititu denik, baina hark guztiz harrapatu gintuen. Bazkalosteetan elkartzen ginen ia egunero ondo ulertzeko gai ez ginen maitasun istorio haren bueltan. Ez naiz akordatzen ondo, baina orain gustura jakingo nuke egungo begiez guztiz aldrebesa iruditzen zaidan drama hark zer nolako sentipenak eta hizketaldiak eragiten zizkigun oraindik ere lehen amodio istorioak bizitzeko adinik ez zuen neska taldeari.
Agian, gure gurasoak ere konturatuko ziren hura ez zela gure adinerako denbora-pasarik aproposena, baina goizetik gauera zer suma geunden eta tarte batean, behintzat, protesta handirik gabe entretenituta egoten ginen. Ziur asko, orduan ez zitzaien, gainera, gaur adina buruhauste eta kontraesanik sortzen. Ikerketa eta ebidentzia asko dago pantailen gehiegizko erabileraren inguruan. Ikusmenean, osasun fisikoan zein gaitasun kognitiboan eragin dezaketela diote, baldin eta behar den moduan erabiltzen ez badira. Haurrei bideratutako kalitatezko edukiak aukera gisa eskaintzea da gomendioetako bat, baina gurasoek egindako aukerek ez dute gehienetan arrakasta duten marrazki bizidun, joko edota bideo sortarekin bat egiten gehienetan. Hortxe udako liskar askoren muina.
Baina haratago, aipatutako ikerketa horietako batzuen arabera, arazorik handiena, antza, pantailetan ematen den tartea eta ikusten dena baino, haien aurrean egoteagatik jolasean edota lagunartean igarotzen ez den denbora da, hark baduelako heziketan funtzio garrantzitsua. Hala, tirriki-tarraka oinez doan adineko gizona plaza bazterrean pantailari so ari den gazte taldeari begiratzeko gelditu da. «Gurasoak umeak beti ondoan nahi dituzte eta, begira!», esan eta jarraitu du martxa. Malenkoniaz mintzo den gizonak haurrei baso, erreka, zapaburu… eta gurasoen begiradapeko beste hainbat txoko falta zaizkiela uste du. Eta badoala, beldurra aipatu du; ez dakit pantailez ari den, kaleaz bestela; biek sortu dezaketenaz, agian.
