Pandemia garaia burura etortzen ari zait», entzun diot ondoko etxeko bizilagun bati, balkoitik balkoirako elkarrizketa batean, aspaldi ez zuela horrenbeste jende etxetik kalera begira ikusi aipatzen zuen bitartean. Ni ere zintzilikatutako arropa batzera irten naiz eta, onartuko dut, zer gertatzen ari den jakin nahian. Telefonoan jasotako azken mezuan arazoa zabala zela eta eragin handikoa besterik ezin izan dut jakin, eta akabo. Mugikorraren pantailari etengabe begiratu diot, ia konpultsiboki, telebistakoari ere bai, irrati aparailura ere joan naiz. Alferrikakoa izango zela jakinda ere, bost bat aldiz deitu diet gurasoei, eta lau bider begiratu dut posta eskolako emailik iristen ote den... Tira, lanean hasi naiz berriz, baina nire ordenagailua izenez baino ez da eramangarria, mahaia ez baina behar du entxufea, eta segituan amaitu zaio bateria.
Arratsaldean zehar jatekoa hotz jan dutenen pasadizoak entzun ditut, medikuan edota dentistan zita galdu duten pertsonen kasuak, ezer larririk ez, inguruan behintzat. Haurrak eskolatik ere zer kontatuarekin irten dira, bero bai, baina ohi baino argi gutxiagorekin bazkaldu dutelako eta harritu egin dira nor edo nor irratia entzuteko etxe ondoan aparkatua zuen kotxera jaitsi dela entzun dutenean. Ez garela ezer, gure aurreko belaunaldiak horrenbesteko beharrik gabe bizi zirela edota pantailei lotuegi gaudela ere lagunarteko hizketaldietan aipatu dira, argindar etenaldiaren arrazoien uste hainbatekin batera.
Argindarra itzuli eta berriz ere sareari konektatutakoan izan dugu gertatukoaren dimentsioari traza hartzeko modua. Kazetari eta adituen hitzetan jakin dugu non eta nola eragin duen, zer egin den eta nola konpondu diren sortu diren arazoetako asko. Horrekin batera, bizipen larriagoak eta zer pentsa eragiteko modukoak ere iritsi zaizkigu, konponbide txarragoa dutenak eta bakardadearekin eta zaurgarritasunarekin lotuak ia denak, telebista, irratia edota telefonoa munduarekin ez, kalearekin edota bizitzarekin konektatuak sentitzeko behar dituztenenak.