Ederra lotura!
Aldatu egiten dira garaiaren arabera, baina ez dute horregatik estutasunik galtzen. Tantaka-tantaka txertatzen zaizkigu eta, aldentzen saiatuta ere, itzalaren pare jarraitzen digute. Barre asko egiten dugu haiekin lurretik altxatzea ere kostatzen zitzaigun oinetakoen suak erre gintuen garaiaz, edota ia zolarik ez, eta lurreko hartxintxar guztiak sentitzen genituelako hankazpiak zeharo minberatuta etxera itzultzen ginen sasoiaz. Zerrenda luzea da eta orkatilatik gora ere modak bete-betean jo gintuen. Ez gaude gu ere salbu, beraz, baina azala zaintzeko errutinek sare sozialetan eta handik kanpo hartu duten garrak zer pentsa eragiten du.
Aurreko batean alabari makillajea eta azala zaintzeko produktuak erostera lagundu zion amak idatzi zuen sareetan ezezagunak zituen gailu eta kremak hartuta etxeratu zela, jada sakonera hartzen ari diren zimurrak disimulatzeko beharra sortu zitzaiolako, dendan alabari eman zizkioten azalpenak entzundakoan. Adituak hasi dira behar ez diren kremak emateak izan dezakeen arriskuaz ohartarazten, baina aurpegian baino norbere pertzepzioan izan dezaketen kalteak ere handiak dira.
Eta, antza, sareek oihartzuna eman badiete joera hauei, aliatu berria topatu dute adimen artifizialean. Batetik, eskaintzen dituen filtro edota sortzen dituen irudiek edertasunaren eredu zehatzak proposatzen dituztelako; bestetik, pertsona askok ispilu bilakatu dituztelako eta euren burua aztertzeko eta balioan jartzeko eskatzen dietelako. Eta eredu horiek ez dira, noski, aniztasunean eta, kasu askotan, osasuntsuak diren arauetan oinarritzen. Salmentari lotutako proposamenak dira, gainera, produktu edota tratamendu zehatzei lotzen baitzaizkie, behar eta estutasun berriei, alegia.
Seguru asko, hemendik urte batzuetara, joera berri hauei lotuak dauden pertsonek barre egingo dute su hark nola erre zituen gogoratuta eta zer pentsatua sortuko die imajinatzeko ere gai ez naizen lotutasun berriak atzematen dituztenean; aldatu, aldatzen direlako, batera edo bestera sartu eta patroi berak errepikatu.
