Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Ereduak

Egunero, eskolan, herriko plazan eta, noski, gerturatuz gero futbol zelaian ikus ditzakegunak dira kromo horietan agertzen diren izarrak, izen-abizenez eta argazkiarekin

Presiopean seguru asko edo negoziorako tartea ikusi dutelako agian, edozein kasutan ahalegina bera balorean jarri behar da, lehen taldeetan aritzen diren emakumezko futbolarien kromoak erosteko aukera dagoelako; baina behin ahalegina eginda, hura taxuz egin dezaten eskatzea ere badagokigu; antza, orri hauetan bertan Zuriñe Iglesias kazetariak sinatutako erreportajean jaso denez, jokalari asko geratu dira bildumatik kanpora eta arrazoiak ez daude argi.

Etxeko txikiak orain ez dudala ez erosteko aitzakiarik esanez ari zaizkit jada; izan ere, kromo horietan ez zituztela emakumeen irudiak txertatzen eta horietan agertzeko adina meritu eginak dituztela esan nien; beraz, ez genituela erosiko harik eta emakumezko futbolariak agertu arte, argitara ematen dituen enpresa konturatu zedin ez gaudela ados. Erabat konbentzitu gabe, besteek erosten jarraitzen bazuten, gure “protesta” ez ote zen alferrikakoa ere galdetu zidaten. Niri kirolean dagoen diskriminazioa euren hizkuntzan jorratzeko primerako aitzakia eman dit kontu honek.

Urtebete baino gutxiago da lerro hauetan bertan kromo horien inguruan aritu nintzela, jolasak izanagatik, haien bidez transmititzen diren ideiak eta etorkizuneko niak irudikatzeko tresnak ez direlako gutxietsi behar. Horregatik poztu naiz, trakets bada ere, bilduma berri hau kaleratu dutelako; baina are eta poz handiagoa eragin dit herrian futbolean aritzen diren neskatilak ikusarazteko ahalegina egin dutela jakiteak, gertutasunak erreferentzialtasunean eragina baduelako. Egunero, eskolan, herriko plazan eta, noski, gerturatuz gero futbol zelaian ikus ditzakegunak dira kromo horietan agertzen diren izarrak, izen-abizenez eta argazkiarekin, baloia oinetan eta herriko taldearen ikurra paparrean hartuta.

Ikusgarritasuna eta aitortza, noski, argitaratu eta saltzen jarri dituzten herriko taldearen kromo horiek emakumeek kirolean duten lekuaz ez ezik, kirolaz eta, batez ere, izarrak sortu eta birsortzeko ditugun irizpideez hausnartzeko eta mintzatzeko aukera ederra eskaini dute.

Bilatu