Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Errespetuaz

Afalostean eta mahaiaren bueltan eserita, talde bakoitza bere kontuetan ari da: oporraldiaz, eguneko pasadizoez eta baita hain azalekoak ez diren beste kontu batzuez, euskaraz batzuk, galegoz besteak. Isilune bakarrenetako bat aprobetxatu du, adi egonagatik, euskaraz egin dugun hitz bakar bat ulertzeko ez dela gai izan botatzeko. Irribarrez esan du, seguruenik jakin-minak bultzatuta edota hizketaldi bat abiatzeko asmoarekin. Barnealdeko herri txikiago batean jaio eta bizi da eta itsas ondora oporrak pasatzera etorri den galiziarra. Euskaraz dakizkien hitz bakar batzuk egin ditu, urteetan Euskal Herrian bizitutako lagunak irakatsitakoak, eta gure abizenak esaten zeinen zaila den aipatu digu. Gaztelaniaz egitea kostatu egiten zaiola ere aitortu digu, lau hitzetatik bi bere ama hizkuntzan egiten dituen bitartean.

Hizkuntzatik herrira salto egin du segituan. Ez gaitu mindu nahi, baina beren lurrak bisitatzera azken asteetan gerturatu den jende mordoarekin ez dagoela eroso dirudi. Ez da bakarra, hedabideen zein herritarren arteko hizketaldietan entzun ditugu, izan ere, Galizian turismoa izaten ari den gorakadak eta horrek herritarrengan duen eraginaren inguruko albiste eta kexuak.

Paisaia, kultura, herritarrak eta hizkuntza bera errespetatzen dituen turismoaz mintzo da, horiek desio ditu, benetan herria ezagutu nahi dutenak, alegia.

Guri ez zaigu arrotz egin bere kontakizuna. Izan omen zen bera ere duela urte mordoxka bat Euskal Herrian, bisitatu zituen Donostia eta inguruak, edan zuen txakolina eta jan zituen pintxoak, turista «onen» pare; eta guri ere zer pentsa eman digu hori entzuteak, Galiziara bertaratzen direnek herriaren aurpegi bakar bat ezagutu ohi dutela esan berri digulako.

Nork bere txoko kutunak beretzat gorde ditugu seguru asko, ez dizkiegu elkarri guztiz deskubritu, baina eskakizun bat egin digu, agurtu aurretik eta keinu bat botata: «Mesedez, ez okurritu ‘Sanjenjo’ esatea».

Bilatu