Zientzia ezagutza nola gizarteratu aztertzeko eta baliabideak lantzeko Eskozian egunotan egiten ari den nazioarteko kongresuan asko hitz egin da konfiantzaz, zintzotasunaz, ebidentziez eta, ezinbestean, baita sasiegiez. Eremu horietan eta egungo testuinguruan sortu diren erronkek zer pentsatu handia eragin dute, noski, azken denboran zientzialariak asko ari direlako komunikabideetako tituluetara salto egiten, baina ez beti eurek nahiko luketen zentzu eta moduan. Nola ezkon daitezke ikertzaileen hitzak eta hainbat gairen inguruan aurkeztu dituzten ebidentziak, mundu mailako agintariek hartzen dituzten erabakiekin eta haien alde lerratu diren taldeek egiten dituzten adierazpenekin? Hala galdegin dio emakume batek zientzialariengan dagoen konfiantzaren inguruko ikerketa baten emaitzak azaldu dituen hizlariari. Bai, ez da erraza ulertzen, baina zientziaren komunikazioan jarri du indarra eta ezagutza herritarrei iritsaraztea dela gakoa erantzun dio.
Aspaldian ikertzaileek laborategi edo bulegoetan euren hipotesi eta galderei erantzuten egiten zuten lan, eta haiek egiaztatu edo gezurtatzen zituztenean amaitzen zuten ia euren lana. Handik aurrerako bidea, gehienetan, interes bertsua eta gaian ezagupen maila nahikoa zuten beste ikertzaileen artean zabaltzea izan delako, hura izan delako ibilbide akademikoan balorea izan duena, errekonozitua izan dena. Eta prozesua, onartu behar da, ez da erraza, zientzia aldizkarien itsaso gero eta zakarragoan burua uretatik atera eta arnasa hartzeak esfortzu handia eskatzen du eta. Azken denboran, zorionez, indarra hartu du sortutako ezagutzaren gizarteratzeak, nahiz eta zientzialariaren borondatearen baitan egon oraindik gehienetan. Edonola ere, zientziaren komunikazio publikoaren ikerketak interesa piztu du: nola iritsi, nola ulertarazi, nola hezi... Botereaz ere hausnartu da kongresuan, ezagupenak ematen duen horren gainean eta gaizki ulertutako botereari aurre egiteko duen indarraz, batik bat.