Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Filtroek filtratutako errealitatea

Beste modu batera lortzen zailak diren tasunak klik bakarrean lortu daitezke orain, aurpegiko zein gorputzeko ezaugarriak eraldatuta.

Onartu behar dut teknologia berriek eskaintzen dituzten aurrerapenak, oro har, errezeloz hartzeko joera daukadala. Ez dut neure burua arropa eskuz garbitzen edo ordenagailurik gabe imajinatzen, ez da horrenbesterako, baina aurrerapen teknologikoak barneratzea kostatu egiten zait. Horrexegatik etxeko balkoian toldoa jarri behar genuela eta hura botoi baten bidez zabaldu eta itxi zitekeela esan zidatenean, nik ere automatikoki pentsatu nuen ez zela beharrezkoa: «betidanik eskuz egin dugu eta zer gara orain, alferragoak?». Nire argudioak ez ziren nahikoa pisuzkoak izan eta orain botoi bati sakatuta zabaldu eta ixten dut; beraz, indarrak aurrezteaz gainera, egunean zehar segundo batzuk gehiago ditut niretzat, gero ditxosozko teknologia aurrerapenak segundo horiek eta beste batzuk xahutzeko aitzakia eman eta beharra sortzen badit ere, besteak beste, jasotako argazki, bideo eta bestelako xelebrekeriak ikusteko. Hor «in» diren eta ez diren jardueren eztabaidan sartuko ginateke.

Norberaren denboraren inguruko sentipenak aldrebestetik, norberaren irudiaren pertzepzioa eraldatzera ere pasatu dira teknologia berrien esparruko aurrerapenak. Ikerketa batek azaldu du sare sozialetako argazkietan gero eta sarriago erabiltzen diren filtroek eragina dutela norberaren irudiaren pertzepzioan eta badirela tartean filtro horiek sortzen dituzten eraldaketa fisikoak betikotzeko medikuntza estetikora jotzen hasi direnak. Azken batean, digitalki sortutako identitateak pisua hartu eta hezur-haragizkoaren gainetik da nahi baino sarriago, kontakizun mugatu, idealizatu eta eraldatutakoen eremuan.

Bai, beste modu batera lortzen zailak diren tasunak klik bakarrean lortu daitezke orain, aurpegiko zein gorputzeko ezaugarriak eraldatuta. Hori, noski, argazkien moldaketarako programekin ere lortu zitekeen aurretik, baina orain erraztasuna eta azkartasuna erantsi zaizkio aukera horri eta baita benetakoa eta benetakoa ez dena bereizteko zailtasun eta filtro erabilgarrien gabezia ere.

Bilatu