Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Fokua eta puntua

Larunbatean Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatuko da eta, ziur, zer pentsa emango diguten estatistikak argitaratuko dira.

Leiho bat ixterako, bestean zabaldutako zirrikituari begira, ezagutzaren handitasunean nork bere aletxoa jartzeko saiakera berez da liluragarria. Ikerketan trebatzeko jardunaldi batean, jakintza zirkunferentzia handi batekin irudikatu zuten eta, han, arkatz fin batez eta kolpe bakarrean egindako puntutxo hark irudikatzen zuen aretoaren barruan geunden pertsonok egingo genuen ekarpena. Ordutik sarri akordatu naiz puntutxo hartaz, ikerketa gaia zehaztea, helburuak definitzea, ikerketa galderak eta hipotesiak proposatzea, metodologia aproposa aukeratzea eta, guztiak lerratuta, ikerketa osatzea ez delako beti lan xamurra izaten.

Batzuetan, agian, ikertuko genituzkeen beste gai batzuk alboratuta aritu behar da, baina puntutxo hori non eta nola jarri  nahiko zenukeen argi izatea garrantzitsua da. Aspaldian, kezka sortu zait eskarmentu handiko zientzialariak genero gaien ikerketan fokua jarrita aritzeak lankideen gutxiespena ekarri diola aitortu didalako, antza emakumeen kontuak omen horiek. Zorionez, asko dira diziplina desberdinetan eta orotariko gaien azterketan genero desberdintasuna aztertzen edota genero perspektiba aplikatuta ikertzen ari direnak. Osasun zientzietan, historian, komunikazio alorrean, teknologia esparruan… zientzia hobeagoa ez bada, zuzenagoa eraikitzeko lanean eta, bidez batez, gizartean eragingo duen ezagutza sortzen.

Bideak zabaldun zituzten ikertzaileen ohartarazpenei jarraituta, urteak dira akademian eta ikerketan berdintasuna aldarrikatzen hasi zirenetik, baina oraindik traba, diskriminazio eta bereizkeria ugari daude. Larunbatean Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatuko da eta, ziur, zer pentsa emango diguten estatistikak argitaratuko dira. Zientzia ibilbidea abiatzeko eta nahi beste aurrera egiteko trabak ezabatu behar dira; baina, izan zientzialari edo ez, emakumeek eta neskek egunerokoan dituzten bestelako trabei eta horien arrazoiei eta irtenbideei ere erreparatu behar zaie; leihoa zabaldu eta puntua jarri.

Bilatu