Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Gaziak eta gozoak

Hogei urte baino gehiago pasatu dira, baina akordatzen naiz udan ikastaro batean eman nuela izena. Kazetaritzaz aritu behar zuten eta hizlarien artean eskarmentu handiko profesionalak zeuden. Ziur asko, haietakoren batek kazetaritzaren ederrak aipatuko zituen, lanbideari esker ezagutu dituen pertsona eta istorioez mintzatuko zen, sentipen ederrez... baina miresten nuen kazetari batek kazetaritzaz egin zuen irakurketa kritikoa iltzatuta geratu zitzaidan eta, baita ere, ikasgela hartatik atera nuen sentsazio gazia. Ikasle nintzen orduan eta marraztu zuen egoerak ez zuen itxaropen edota ilusiorako tarte handirik uzten.

Geroago gaziak, bai eta gozoak ere, dastatu nituen eta hori dela eta, kazetaritzaren testuingurua ikasleekin lantzean, ez zait indarra eszenatoki makurrenetan jartzea gustatzen. Badira, ordea, saihestu ezin diren kontuak, zaharrak batzuk, azken urteetan sortu edota indartu direnak beste batzuk. Aurten “Emakom. Emakumeak eta Komunikabideak” jardunaldietan emakume kazetariek jasaten dituzten erasoen inguruan aritu gara eta jaso ditugu harritu gaituzten datu hainbat eta hunkitu gaituzten testigantzak. Bortitzago edo sotilago eraso horiek mundu mailan errepikatzen direla jaso dute ikerketek eta ondorioak dituztela, buru osasunean zein jarduteko moduan eragiten dutenak. Unescok egindako inkesta baten arabera, emakume kazetarien %73k onartu du online indarkeria jasan duela. Baina harago doaz eragiten dituen kalteak, lanbidean eta gizarte gisa informatuak egoteko dugun eskubidean eragiten duelako. Nekea, izua eta, finean, isiltasuna bilatzen dute. 

Gai zehatz batzuk jorratzeak arrisku gehigarria dakar eta, nola ez, feminismoa da horietako bat. Tamalez, gertuko zein urrunagoko adibideak badira. Beraz, zenbait mezu zabaltzeko aliatu izandako tresnak dira, hain justu, erasotzaileek, sarri anonimotasunean babestuta, baliatzen dituztenak. 

Ez dut beldurrik sortu nahi, baina ez dut beldurrik sortu dezaten nahi, gaziak baditu ere mundua zure begiradatik kontatzea oso gozoa delako. 

Bilatu