Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Gorputza

Gure-gurea da eta, aldi berean, besteena, sarri haien begietatik begiratzeko joera daukagulako. Mina ematen du eta plazera ere bai, gaixotu egiten da, eta, zainduz gero, osatu eta indartu daiteke. Kuzkurtutakoan babesa ematen digu, baina babesgabe ere sentiarazten gaitu sarritan. Gorputzarekiko josten den harremana denboran zehar aldatu egiten dela uste dut. Ez naiz akordatzen noiz jabetu nintzen nireaz, baina polita iruditzen zait txikiek euren eskuekin, ahoarekin edota gorputzeko beste atalekin egiten dituzten esperimentuak. Haurtzaroan arreta txiki handian gogoratzen dut; luzatzen eta zabaltzen zihoan, indarra eta gaitasun desberdinak hartzen eta ez beti nahi bezainbesteko erritmoan edo zentzuan; orduan askea zela zirudien, baina gero eta lotuago zegoen. Nerabezaroan atzeman genituen gehienok kateak eta, kontrolerako tresna zela ohartu gabe, saiatu ginen moldatzen, kabitu behar genuen espazio horretara ahalik eta gehien egokitu arte. Barre asko egin dugu lagunartean garaiko eskakizun estetikoetara egokitzeko zer nolako esfortzuak egiten genituen gogoratzean; batez ere, arropari lotutakoek egiten digute grazia, jantzi haien atzean ezkutatzen ziren ezin, kontraesan eta min guztiak ezin ditugulako zintzotasun berarekin aitortu.

Kateak errekonozitu, hausnartu eta deitoratu arren, ez dute indarra erabat galtzen, zaila baita gorputzaren inguruan sortu den kulturaren kontroletik ihes egitea. Mezuak, gainera, zirrikitu guztietatik iristen dira, agerikoago batzuk eta sotil, gehienak. Hedabide zein sare sozialetan badira, noski, kultura horren gehiegikeriak agerian jartzen dituzten edukiak, baina, haiekin batera, arauak indartzen dituzten proposamenak ere badaude, etikoki zalantzazkoak batzuk, zuzenean salagarriak besteak. Albiste itxura jaso duen mezu batek asaldatu nau azken egunetan. Pisua galtzeko erabiltzen diren botika batzuek zer-nolako onura ekonomikoak sortuko dizkien hegazkin konpainiei kontatzen zuen, ikerketa bat aipatuta gainera. Gure-gurea den hori zenbatetan ez ote dute neurtu zenbakitan, zentimetro, kilo eta dirutan.

Bilatu