Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Harridura

Errealitateari ondo enfokatuta begiratzea lehen pausua da osatu gabeko analisirik ez egiteko, xehetasunetan galdu eta trabatzen den mezurik ez plazaratzeko

Ostiral goiza, abiatu naiz lanera eta nagiak uxatu nahian irratian motibatuko nauen kanturen baten bila hasi naiz; goizean goiz gustatzen zait egunerokoan nire radarretik kanpo dagoen baina parrandan gustura entzungo nukeen abestiren batekin indarrak hartzea. Atzera eta aurrera, ez dut halakorik topatu.
 
Bilaketa antzu horretan, Estatu espainoleko irrati kate batean Tenerifen gertatutako hilketaz ari dira. Bateren batek ez badaki, apirilaren amaieran gizon bat bere bi alabekin desagertu zen, haurren amari berriz ere ez zituela ikusiko mehatxu eginda. Bi alabetan nagusiena hilik aurkitu dute itsasoaren hondoan, antza poltsa batean sartuta; leku berean beste alabaren bila ari dira orain.

Zer zioten entzuten hasi naiz eta aritu dira gaiztotasunaz, krudelkeriaz eta nik ez dakit beste zenbat adjektiboren inguruan hizketan. Aitaren profilean tematu dira behin eta berriz, sistema bera arakatzeko inolako saialdi seriorik egin gabe; kasuaren berezitasunaz gogotsu, tartean komunikabideek gai hauen inguruan informatzeko duten erantzukizuna aipatuta gainera.

Lanera iritsi eta kazetaritza ikasketak amaitzen ari diren ikasleen lanak entzutea egokitu zait. Harritu nau zenbatek egin dieten erreferentzia genero desberdintasunei, gaiak oso bestelakoak izanagatik. Analisi eta hausnarketa interesgarriak entzun ditut, irratian plazaratu dituztenak baino askoz ere aberasgarriagoak eta, batez ere, erabilgarriagoak gehienak, jatorrian erreparatzen jakin dutelako. Agian, kazetari gisa euren ibilbidea abiatzen dutenean, egun askotan ezingo dute analisi egoki eta osaturik egin, gaurkotasunari eta azkartasunari lotzeak izan ditzakeelako albo ondorioak; errealitateari ondo enfokatuta begiratzea, ordea, lehen pausua da osatu gabeko analisirik ez egiteko, xehetasunetan galdu eta trabatzen den mezurik ez plazaratzeko.

Emakumeen aurkako diskriminazioa eta indarkeria nekez landu daitezke harriduratik gaur egun, tamalez, auzi konplexua ez ezik, orokortua ere badela ohartzeko adina datu eta bizipen baditugulako. Ezin da eta ez da komeni gainera.

Bilatu