Hitzak
Zalantzan egon naiz gai honi heltzeko, ez zer esan asmatzen ez dudalako, are gutxiago beharrezkoa dela zalantza egin dudalako, gaiari behar besteko fundamentuarekin heldu ez eta egun honen bueltan olatuan igotzen direnen kuadrillara batzeko beldurragatik gehiago. Azken asteetan lotsatu eta, aldi berean, haserrea eragiten duten adierazpen eta intentzioak entzuten ari gara, emakumeen aurkako indarkeria, gizarteari sakon eragiten dioten beste gai batzuekin batera, erabili eta lor daitekeen boterearen mendean jartzen duelako zenbaitek, gakoa, hain justu ere, boterean, haren desorekan, dagoela ahaztuta.
Aldi berean, indarkeria matxista bera ukatzen duten eta normaltasunean kokatzen duten mezuak entzuten ari gara, eta horrek izua eragiten du, sarri gogortzen zaigun gorputza bera erabat uzkurtzeraino. Ez dira berriak mezu antifeminista eta matxista asko, azken urteetan lotsagabeago agertzen ari direnak eta eremu erreal zein birtualean errepikatzen direnak. Horien kontra ezin da epel aritu edota intentzioetara mugatu, matxismoak eta dakarren indarkeriak hil egiten duelako, pertsonak eta gizarteak zauritzen dituelako, emakumeen bizitzak lotzen dituelako, haien pausuak neurtu… Guztia zeharkatu eta kateatzen du, zenbatzen errazagoa den indarkeriaren atzean badagoelako, halaber, bere gorputza agerraraztea erabakitzen duenaren aurkako erasoa ere; agian sinbolikoa, bai, baina azal eta buruan sentitzen da, eta, bizitzako sasoi desberdinak erretzen zoazen adinean, itxuraldatu agian, baina desagertzen ez dena.
Eta horri aurre egiteko ez dira nahikoak lema edota intentzio ponpoxoak, lasaitasuna baino larria eragiten dutelako horietako batzuek. Asmoak hitzen baitan soilik pausatzeak baino, patxada sendoagoa eskaini ohi dute gaur gurutzatuko diren begirada konplizeek, elkarrekin hitz egiteko eta aritzeko propositu sendoek, esperientzia trukeek, besarkada edota oihuek, horiek direlako mezu antifeminista eta matxistez babesteko eta haiei aurre egiteko benetako botere eta indarra ematen digutenak.
