Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Inauterietan aske?

Total, umeak dira oraindik eta mozorro bat baino ez da, baina total hau eta total bestea... Kontraesanak onartzea eta haiek ahalik eta irakaspen onenarekin gainditzea ez da erraza.

Tolosan inauteriak hasteko bezperan gaude; askorentzat irudimenaren eta askatasunaren jaiak dira eta, agian, aurten inoiz baino gehiago. Beti harritu nau zenbaitek hain gutxirekin zenbat egiten dakien; huskeria behar dute transformatzeko, egunerokoa alboratzeko, osagarri nagusia jarrera delako.

Baina transformazio eta jarrerei helduta, errotuta dauden ideiak transmititzeko eta haiek gehiago errotzeko arriskua ere bada, tamalez. Gai zehatzik gabe, nork bere etxetik mozorrotuta bertaratu behar dute haurrek gure eskolan eta hura erabaki eta eztabaidatzea ez da samurra. Azken asteetan, dozena bat alditan aldatu du txikiak mozorroa, baina oinarrian duen ideia ez. Hulk batean, Spiderman bestean... indarra eta trebezia irudikatu nahi ditu bere mozorroarekin eta bestelako ideia eta irudiak erakutsiagatik, berean jarraitzen du. Amari, berriz, printzesaz jantzi nahi duen galdetu dio, eta printzesaz janztea baino pirataz edota astronautaz mozorrotzea nahiago dudala esan diodanean, harriduraz begiratu nau.

Zer pentsa sortzeko modukoak dira neska-mutilek txikitatik balorean jartzen dituzten ezaugarri eta jarrerak. Larrituta, gurasook ideia horiek nondik ateratzen dituzten galdetzen dugu, baina badakigu erantzuna: etxean, kalean, eskolan eta edonon eta apurka-apurka barneratzen dituzte, tamalez. Mozorroak saltzen dituzten denda handietan ez da alternatiba onik, jostailu katalogoetan atzematen den bereizketa bera ikus daiteke-eta mozorroetan: koloreak eta generoaren arabera lehenetsitako baloreak ondo bereizita.

Total, umeak dira oraindik eta mozorro bat baino ez da, baina total hau eta total bestea... Kontraesanak onartzea eta haiek ahalik eta irakaspen onenarekin gainditzea ez da erraza; hitza da giltza, baina handik eta hemendik jasotako irudiek zanpatzen dituzte askotan.

Azken egunetan asko akordatu naiz eskuz sortutako eskolako mozorroez. Ez genuen beti asmatu, noski, eta ikasgelara iritsi aurretik apurtu zitzaizkigun behin baino gehiagotan, baina mozorro haiek bereizkeriarik gabe ordu batzuk igarotzeko aukera eman ziguten behintzat.

Bilatu