Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Informazioa

Gazteen kontsumoaren inguruko datuen azterketak zer pentsa handiagoa eragiten du, albisteetara iristeko zuzeneko bideak baino zeharkakoak baliatzen dituztelako

Amonak ia ez zekien eguna hasten irratia piztu gabe; ogiarekin batera egunkaria jasotzen zuen eta esango nuke gosariak adina elikatzen zuela albisteak irakurtzeak; bere unea zen hura. Urteak pasata, telebistari lotu zen gehiago, konpainia egiten ziolako, pertsonak entzun eta ikusi egiten zituelako pantailan. Nik ere historiara pasatuko diren une asko irratian entzun, telebistan ikusi eta egunkarian irakurri ditut, eta agian horregatik kazetaritza ikasi eta hartan jardun dut denbora luzean, gertatutakoak jakin, aztertu, interpretatu eta jendeari helaraztea pribilegioa zela sinistuta.

Aldaketa handiak izan dira komunikazioaren eremuan eta sareak aukera ugari eskaini baina ziurgabetasun handia sortu du. Lehen, “irratian entzun dut” edota “egunkarian irakurri dut” esatea nahikoa zen sinesgarritasun erabatekoa emateko gertakizun bati; orain ez. Reuters Institutuak eta Oxfordeko Unibertsitateak informazio kontsumoaren inguruan berriki kaleratutako datuek berretsi baino ez dute egin joera hori. Txostenak albisteekiko konfiantza maila murriztu egin dela ondorioztatzen du eta gero eta gehiago direla komunikabideengandik urruntzen diren herritarrak; kasu batzuetan apropos gainera, albisteek aldartean eragiten dietela edota argitaratzen diren edukiak ulertzen zailak direla uste dutelako. Gazteen kontsumoaren inguruko datuen azterketak zer pentsa handiagoa eragiten du, albisteetara iristeko zuzeneko bideak baino zeharkakoak baliatzen dituztelako, sare sozialak eta bilatzaileak batik bat, eta horrek, noski, zer eta nondik kontsumitzen duten jakitea eragozten du; are gehiago, ikus-entzunezko baliabide laburrak lehenetsita.

Konfiantza galeraren gainetik, testuinguru honetan hainbat adituk aldarrikatu dute kazetarien lanari balioa ematea, lanbideak behartzen dituelako sareak ahalbidetzen duen informazio nahaspilan bereiztera, datu eta iturrien sinesgarritasuna egiaztatzera. Egia da, badira kazetaritzaren eta kazetarien lan ona zapuzten duten jarrerak, baina herritarroi ere badagokigu kritika hutsean indarrak agortu baino, informazioa aldarrikatu eta hari balioa ematea.

Bilatu