Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Jantzia

Ohi baino jantziago, erosotasunaren eta ustezko egokitasunaren oreka zailean dantzan ari beharra dago, janzkera pentsatzen denbora galtzeak barregarri edo fribolo sentiarazten zaituen bitartean

Azken asteetan, gutxienez,  bitan tokatu zait toki berri batera lehenbizikoz joatea. Plazaren ezaugarriek badute zeresana, noski, baina orokorrean, estreinako horiek urduri jartzen naute eta, nerbioak baretzeko saiakera horretan, ageriko urduritasunik gabe gerturatu eta ez dela hainbesterako eta lasaitzeko esaten dizuten horiek une horretan, aldi eta ia neurri berean, gorrotatu eta miresten ditut.

Baina larria aurretik sortu eta elikatuta dago sarritan. Segun eta zein den aurrean jarriko zaizuna, esan behar duzuna prestatu edo pentsatu egin behar da; baina bada hasiera batean buruko minik eragin beharko ez lukeen eta zalantza asko sortzen dituen konturen bat: zer eramango dut soinean jantzita? Huskeria dirudi, bai, baina onartu behar didazue, buruhausteak eragiten dituen gaia dela eta ondokoei aholku eske sarritan galdegiten diegula. Oraindik ere akorduan daukat tesiaren defentsa eguna. Ikerketan luze arituta, bi ordutan egindako lana aurkeztu behar da, eta zer eta nola esan zaindu beharra dago; edukia, noski, baina tonuaren, gorputz jarreraren eta itxuraren bidez esaten dugun hori ere bai, ahal bada. Ohi baino jantziago, erosotasunaren eta ustezko egokitasunaren oreka zailean dantzan ari beharra dago, janzkera pentsatzen denbora galtzeak barregarri edo fribolo sentiarazten zaituen bitartean.

Norberak toki berrietan duen segurtasun sentipenaren araberakoa izan arren, uste dut denok izan dugula inoiz leku berri edo arrotza zaigun horren neurrira egokitzeko premia. Sarean bertan badira aholku zerrendak, baita hitzaldi bat eskaini behar duten ikertzaile eta zientzialariei bideratutakoak ere. Arlo horretan ari diren profesionalen artean eta itxurari lotuta dauden estereotipoen inguruan irakurritako lan batek eragin dit hausnarketa. Antza, oraindik indarra dute aurreiritzi hainbatek, batik bat emakumeei lotutakoak eta tradizionalki gizonenak jo diren eremuetan ari direnek jasaten dituztenak. Jantziari eta itxurari erreparoan, jorratu behar den gaian jantzia izatea beste beharrik ez denean.

Bilatu