Jaso edo oroitu
Eguzkia mendiaren atzealdean gordetzen hasia da eta kolore gorrizta hartzen ari da eta ikusgarri dago. Halako estanpa baino itsusiago asko ikusi ditut paretetan zintzilikatuta; begiratzen geratu gara apurka-apurka erabat nola ezkutatzen den biharamuna arte, baina argazkia ateratzeko tentazioari eusteko adinako lilurarik ez digu sortu nonbait eta amorrua eman dit. Akordatu naiz orain urte batzuk Eivissara lagunekin egindako bidaian ehunka pertsona elkartzen ginela toki berean ilunabarra ikusteko, antza hura zen eguzkia biharamunera arte agurtzeko tokirik cool-ena, edota hala saltzen ziguten behintzat. Paradisu horretan apenas genuen esertzeko eta patxadaz begira egoteko tokirik, eguzkia hatz puntuekin harrapatzen saiatzen ziren asko argazkirako, eta, beste hainbat, ortzi-muga atzean, begirada galdua irudikatzen saiatzen ziren, kamera ahaztu gabe, noski.
Telebistaz jarraitzen ditugun txirrindulariak hatzekin ukitzeko moduan igaro zaizkigu paretik, txalo egin dugu, sendoago etxekoak pasatu direnean, eta, nonbait, hain iruditu zaizkio indartsuak gure oihuak, ukabila altxa eta agurtu gaituela pedalkadaz pedalkada Tourmaleteko gaina igarotzeko metro gutxi falta zaizkiola horietako batek. Hunkitu gaitu eta irudi hori argazkian edota bideoan jaso ez izanak pena sortu dio haren sinadura mesanotxean duen mutikoari. Mugikorrean baino bihotzean geratu zaigula haren keinua esan diogu lasaitze aldera, baina ez da konformatu, buru-gogoan gordetakoak ezin direla erakutsi erantzunda. Argazkietan, ordea, ez dira sentipenak kabitzen.
“Hemen nago” edota “hau egin dut” pilatuz bizi diren helduz inguratuta daude, ehunka pertsona ikusi dituzte dagoeneko mugikorrak eskuan dituztelako txalorik egin ezinik, beste hainbat zabaldu dituzten edota iritsi zaizkien irudiei begira, edota txirrindulariek egin beharreko bidea igo dutenean azken metroak elkarri grabatzen edota argazkietan jasotzen. Gordeak daude bai, baina irudi horiek ez dute, seguru asko, bihotz taupadarik arinduko.
