Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Jazarpena zientzian

«Nature» aldizkariak egindako inkesta baten ondorioek diote pandemiaren inguruan mintzatu ziren ikertzaileen %60k jazarpena jasan zutela sareetan eta seitik ia batek, heriotza-mehatxuak ere bai.

Zientzia aipatu eta aurpegia zimurtu zaigu behin baino gehiagotan, urrun sentitu dugulako eta urrun egon delako; ez zientzia bera, egunerokoan eta haren ulerkeran presente dagoelako, baina bai hartan aritzen direnen hitza. Pandemiaren testuinguruan eta ulertzen ez genuen errealitate bat konprenitzeko beharrak bultzatuta, diziplina eta gai desberdinetan adituak diren pertsonen azalpenak entzun ditugu, bai ohiko komunikabideen bidez, bai zuzenean blogen eta sare sozialen bitartez zabaldu diren mezuak irakurri eta ikusita. Azken urteetan, izan ere, ezagutza berriaren sorkuntzan ari diren profesionalak jabetu dira euren bulego eta laborategietatik kanpo ere egin behar dutela lan eta, kideei bideratutako artikulu akademikoez gain, gizarteari jakintza berria modu ulerterrazean iritsarazteko premia gero eta agerikoagoa da, behintzat profesional batzuentzat.

Haientzat teknologia berriek sekulako aukerak eskaini dituzte, plaza paregabea, blogen eta sare sozialen bitartez mezuak zuzenean helaraz ditzaketelako modu arin eta gertukoan nahi izanez gero. Alta, abantailak desabantaila ere bilaka daitezke, antza. "Nature" aldizkariak egindako inkesta baten ondorioek diote pandemiaren inguruan mintzatu ziren ikertzaileen %60k jazarpena jasan zutela sareetan eta seitik ia batek, heriotza-mehatxuak ere bai. Datu hauek ikusita, aldizkari honek arrisku bat nabarmendu du, apurka euren lanaren berri ematen hasiak ziren profesionalek atzera egitea, alegia. Arriskua nabarmenagoa da emakumeen eta zientzia eremuan gutxiengo direnen artean; izan ere, beste ikerketa batzuek agerian jarri dutenez, esaterako emakumeek oro har jazarpena jasotzeko arrisku handiagoa dute, baita zientzia eta akademian ere eta, gainera, euren kideen aldetik jasotzen duten sostengua murritzagoa izan ohi da. Honek, noski, luzaroan ezkutuan egon diren eta apurka hitza hartzen joan diren emakumezko ikertzaileak isilaraz ditzake. Latza, kontuan hartzen bada euren hitza eta jakintza ezinbesteko baliabidea dela mundua modu aberatsagoan eraiki eta ulertzeko.

Bilatu