Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Kirola eta indarra

Pozik eta kemena dariela ikusi dut neska gazte kuadrilla, herriko futbol taldeko arropak soinean jarrita eskolara bidean; jantziek ibilia bera ere sendotu dietela dirudi, indartu eta, batez ere, taldean batu.

Espektakulua, irudia, boterea, ereduak... Azken asteetan, nahita ere ezin ihes egin urrun eta zentzu askotan oso urruneko sentitzen dugun Munduko Futbol Txapelketari. Dirua eta oihartzuna, biak jarri zaizkio alde, eta nago polemika bera ere kaltetan baino mesedetan ari zaiola. Helduak, nerabeak, eta haien dantzan etxeko txikienak ere baloiari eta haren bueltan eratutako munduari jira eta buelta, nork, zer eta zergatik esan eta kontatzen diguten ia erreparatu gabe, jaso eta jaso.

Futbolaren zurrunbiloan bete-betean gaudela, herrian bertan emakumezkoen pilota lehia frontoian. Ez da edonolako partida, Master Cup txapelketako  finalerako txartelak jokatzen ari dira eta. Atzera begira jarrita egindako bidea eta aurrerapausoak agerikoak dira, eta, pilotariek eurek aitortu duten moduan, jokoan gertatu direnak dira nabarmenetarikoak; baina kantxatik kanpora ere atzemateko modukoak dira, noski: publikoan eta jasotzen duten oihartzunean esaterako, telebista kamera ere bertaratu da. Agian, helburua bera ondo fokuratzen asmatzen ez dugulako, halakoetan badugu gizonek egiten duten kirolarekin konparatzeko joera traketsa. Frontoiko hormetan, erakunde publikoenak ez diren enpresen iragarki gehiago faltan botatzen dira eta partidari emandako atrezzoa ere, ez dakit hobea ala ez, baina begietara desberdin ageri da. Publikoan ere bada aldea, ez dira eserleku guztiak bete, baina, zorionez, ereduak jaso eta etorkizuneko ni-ak irudikatu nahi dituzten hainbat gaztetxo batu dira.

Biharamunean, berriz, pozik eta kemena dariela ikusi dut neska gazte kuadrilla, herriko futbol taldeko arropak soinean jarrita eskolara bidean; jantziek ibilia bera ere sendotu dietela dirudi, indartu eta, batez ere, taldean batu. Osasunarentzat onuragarria da, baina kirolaren bidez lor daitezkeen etekinak harago doaz. Indarra sortzen du bai, baina ez soilik giharren gaitasunari lotutako hori. Batzeko ahalmena du eta balioak transmititzeko eta haien inguruan hezteko baliabide ezin hobea izan daiteke. Tamalez, eta hor dago koska, botere horrek bestelako baloreak helarazteko ere aproposa egiten du.

Bilatu