Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Konektatuta

Oporrak hartu eta bost eta zortzi egun artean behar omen ditugu gure gorputz eta, batez ere, buruak lanean pilatutako nekeez deskonektatzen hasteko. Laburragoek ere laguntzen dute, noski, ongizatea lortzeko, baina eragin positibo horien iraupena laburragoa omen. Hala irakurri dut mugikorrean ia ezerezetik salto egin didan albisteetako batean. Baieztapena fidagarriago egiteko, ikerketa bat aipatzen du, eta beste datu batzuk ere eskaintzen ditu, deskonexioa zeinen garrantzitsua den nabarmentzeko.

Analisi soziologikoak egiteko primerako eremuak diren kanpin horietako batean egun batzuk pasatzen ari naiz. Etxeko hormen artean topatzen ez den askatasunaz gozatzeko aukera dagoela uste dut; arauak izanagatik ere, ez dira koadrikuletan marrazten. Eremu berean batzen gara ia gauza guztiak bere tokian ondo gordeta dituztenak eta dena han eta hemen botata gozatzen dutenak; haurrei «shisss» esanez eguna pasatzen dutenak edota, euren builen gainetik, altuago, zer eta nola egin behar duten esaten dutenak. Anabasa horretan nork bere tokia bilatzen du edo ahalegintzen da, behintzat.

Baina ia denek ezin dugu guztiz deskonektatu, edo ez dugu nahi. Goizean goiz eta itsasoari begira gosaltzen ari den bikotea mahaiaren gainean jarritako mugikorreko bideoari begira ari da; ondoan dagoen familiak unea betikotu nahi du eta, bide batez, senide, lagun edo beste norbaiti bidali, haiek ere izan dezaten une horren konstantzia. Ia bakarrik hondartzan paseatzen ari den emakumezkoak, gelditu, ileak apur bat atondu eta bere buruari argazkia atera dio irribarre neurtuarekin, une hori pozik gogoratu nahi du edo hala irudikatu sareen bitartez, nork daki.

Hiperkonektatutako inguruan bizi gara, eta oporretan ere tamainan deskonektatzen dugula uste dut, konektatzeko deskonektatzen dugu ia. Eta lerrook idazten ditudan bitartean, argazkiek eta bideoek hizketaldiak eteten dituzte. Zeharka ikusi nau horietako batek eta pentsakor begiratu dit ordenagailuan idazten ikusi nauenean, gosaria mahaian, inguruari argazkiak ateratzen jarraitu duen bitartean.

Bilatu