Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Kontatu, loditu edo gezurra esan

Zer pentsa eman dit inori gertatutako ezbehar edo tragediaren aurrean kontakizuna loditzeko eta are eta traketsago bihurtzeko dugun zaletasuna atzemateak

Ahoz aho zabaldutako istorioak eta kontuak. Iraganean, herrietan, merkatuetan edo igandeko mezaren ostean kontatu eta ezagutzen ziren gainerako herritarren kontu asko. Orain, badira modu masiboan informazioa zabaltzeko bideak, baina ahoz ahoko horrek sortzen digu nolabaiteko konfiantza plusa. Hizketaldi patxadatsurako aitzakia edota, segun eta zein egoeratan, ondokoari tentuz ibil dadin ohartarazteko modua, istorioaren mamia loditu eta intentsitatea areagotu daiteke katebegi bakoitzean eta usteak baieztapen sendo gisa aurkeztu, zurrumurruaren, egia erdiaren eta gezur galantaren arteko muga lausoetan dantzan. Uste dut horretan inor ez gaudela salbu, guztiok aritu garelako txutxu-mutxuan, eleganteago edo traketsago, segun eta zein den kontakizunaren erdiguneko pertsonarekin sentitzen dugun gertutasuna eta sinpatia.

Azken aste eta egunetan, ordea, zer pentsa eman dit inori gertatutako ezbehar edo tragediaren aurrean kontakizuna loditzeko eta are eta traketsago bihurtzeko dugun zaletasuna atzemateak. Istripua jasan eta hil ala bizi dagoen pertsonari gupidarik gabe ebaki zaio bizitzarekin lotzen duen hari bakarra edota eraso bat jasan duen pertsonari bizi izandako trantzea gaiztotzen zaio erdi egia edo erdi gezur diren xehetasunak erantsita, jasandakoa bera nahiko ez balu bezala. Eta, aritze horretan, nahita edo nahi gabe, larria eta beldurra hauspotzen dira, tamalez, zorigaitzek haiei aurre egiteko bere buruaren mugak gainditu dituen pertsonaren istorioek baino gehiago inspiratzen gaituztelako, bai aurrez aurreko elkarrizketetan, bai zurrumurruen aliatu bilakatu den sarean ere.

Zorionez edo zoritxarrez, noizbait gu korapilatu gara zurrumurruen mataza horren erdigunean eta frogatu dugu bizi izandakoek adina min eragin dezaketela ahoz aho zabaldutako kontuek eta gezurrek. Eta hala, ezinbestean ikasi zurrumurruen katean bakoitzak duen funtzio eta papera zalantzan jartzen eta batzuetan katebegia hausten.

Bilatu