Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

«Kontuz ibili»

Mezu horiek, eta eguna joan eta eguna etorri gertatutako erasoen berri izateak ezinbestean lotu egiten zaitu, alerta egoera erabatekoan egotea eragiten duelako

Ekainaren estreinako eguna gaur, uda ate joka datorkigu. Izozkiak, kotxea bete lagun Orioko hondartzara egiten genituen bidaiak, aitak autoko kasetean jarritako kantak, afalostean etxe aurreko plazako jolasak... Haurtzaroa igarota, nerabezaroan parrandak kendu zion beste guztiari lekua. Ederrak, alaiak eta bizipenen intentsitate bereko oroitzapen ugari utzitakoak dira garai haiek; urteak pasatuagatik oraindik ere sarritan gogoratzen ditugu orduko pasadizoak eta makina bat barre eginarazitakoak dira. Zer pentsatua ere eman digute, ordea, bizipenak pilatzen joan ginen neurrian, orduan ez genituen beldur asko sortu baitzaizkigu gerora. Aurretik ez genuen, beldurra eta jaia ez zirelako gure begietara ondo ezkontzen, ez lukete beharko.

Udako hilabeteak gerturatuta, jai giroan gertatzen diren eraso matxisten ingurukoak sarriago entzuten hasi gara han eta hemen, baita erasoak salatzeko eta saihesteko martxan jarritako ekimenei buruzkoak ere. Inola ere ez kritika egiteko asmoarekin, datuak ikusita proposatzen diren neurri guztiak ere beharrezkoak direlako, jaiaren funtsa eta sentipena zein neurritan alda daitekeen sortu zait zalantza. Seguru asko, gutariko askori egokitu zaigu kalera irten aurretik «kontuz ibili» edota etxera ez bakarrik itzultzeko entzutea; eskaini izan zaizkigu etxera laguntzeko eta, bakarrik joan behar izan dugunean, garatu ditugu bidea nolabait lasaiago egiteko estrategiak, etxean daudenei bagoazela abisu emanda edota inorekin telefonoz hizketan arituta; benetan ala itxura eginda.

Mezu horiek, eta eguna joan eta eguna etorri gertatutako erasoen berri izateak ezinbestean lotu egiten zaitu, alerta egoera erabatekoan egotea eragiten duelako. Baina bada gehiago, mezuetako askok gugan, emakumeongan, jarria dutelako muga eta babesaren erantzukizuna, eta horrek gure bizipen eta sentipenetan eragina du. Izan ere, zer gertatzen da etxera etortzeko laguntza eskainiagatik, inork bakarrik etxeratzea erabakitzen badu? Zer, horrelako baliabideak erabili behar izate hutsak estutzen eta lotzen gaituela sentitzen badugu?

Bilatu