Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Kromoz kromo

Ea emakumezko futbolaririk ez ote zuten galdetu nien. Nagusiei galdetuko zietela erantzunda ekin zioten berriz ere goma kendu eta kromoak kontatzeari.

Egunean gutxienez lau bider zenbatzen ditugu, beren kabuz ugalduko diren esperantzaz edo. Ez dakit beste ezertarako balioko duten, baina kontatzen ikasteko, behintzat, gurean erabilgarriak izaten ari dira. Aspaldi honetan, inguruko gaztetxoak futbolarien kromoak erosi, trukeak egin eta bildumak osatu nahian ari dira, suposatzen dut azken txanpan daudela, konturatzerako fitxaketei eta denboraldi berriaren hasierari adi egongo dira eta. Kromo truke horietan arrantzatutakoak iritsi dira gure etxera; errepikatuenen artean errepikatuenak, alegia. Uste dut Athletic eta Realekoak baino ez dituztela ezagutzen eta haiekin xaxatzen gaituzte, sekulako altxorra balute bezala.

Aurreko batean, ni ere xaxan, ea emakumezko futbolaririk ez ote zuten galdetu nien. Pentsakor, ez zutela halakorik ikusi eta nagusiei galdetuko zietela erantzunda, ekin zioten berriz ere goma kendu eta kromoak kontatzeari. Ez dakit galdetzera atrebitu diren eta, egin badute, zein izan den erantzuna.

Jakin badakit, emakumezko futbol taldeek egin dituztela ekimenak, eskola batzuetan egin dutela emakumezko kirolarien ikusgarritasuna handitzeko jarduerarik eta badela, merkatuan dagoen hutsunea bete nahian, nork bere kromoak egin dituenik ere; bejondeiela guztiei, baina egunero  esku artean darabiltzatenak besteak dira.

Bai, agian, huskeria da, jolasa, denbora gutxian indarra galduko duen moda, baina gurean, eta ziur beste etxe batzuetan ere, kirol profesionalarekin izan duten lehen kontaktua da ia. Aldaketarik bada, noski, emakumezko kirolariek eta egiten dituzten balentriek gero eta tarte handiagoa dutelako, besteak beste, komunikabideetan eta, ondorioz, noski baita kirolaz dugun irudikapen sozialean. Gure begietara ezagutu beharko lituzketen errealitateak erakusteko ahaleginak eginagatik, etorkizuneko niak irudikatzean oraindik ere generoaren araberako mugak izan badira eta urtez urte, jolasez jolas, kromoz kromo sortzen eta birsortzen jarraitzen dugu, araua eta salbuespenak bereizita.

Bilatu