Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Kulpa

Sentimendu konpartitua da, egoera berean gauden emakumeok sarri hitz egiten dugulako konfiantza eremuetan. Haurrak ditugun emakume askok sentitzen dugun soka da kulpa.

Tristura, alaitasuna, pena, poza... eta kulpa. Bereizita diot, uste dudalako sentimendu guztien artean itogarriena dela, azaltzen konplexua, norberak kontrolatzen zaila... kulpa sentitzen delako barrutik, baina askotan sortzen delako kanpoan, besteen begietan irakurtzen den horretatik. Elikatzeko gaitasuna du, gainera, hura arintzeko egiten diren hitzek eta hausnarketek indartu baino ez dutelako egiten sarri. Kasu batzuetan ukigarria bada, gure ekintzek izandako ondorioen erantzukizun gisa uler daitekeelako, baina modu abstraktuagoan jarduten ere badaki, oharkabean.

Azkenaldian doktorego tesia osatzeko lanetan nabil. Bizitzan behin egin daitekeen proiektu gisa ulertzen hasia naiz, egin beharreko ukoak handiak direlako. Orain arte gustuko izan ditudan makina bat gauza eta plan utzi behar izan ditut, baina neure  burua zigortzeak ez dit atsekaberik sortu. Ondokoak ere alboratu behar izan ditut, ordea, baita etxeko txikiak ere, eta horrek bai, horrek muinetan ere sentiarazten dizu ezinegona eta kulpa.

Sentimendu konpartitua da, egoera berean gauden emakumeok sarri hitz egiten dugulako konfiantza eremuetan. Haurrak ditugun emakume askok sentitzen dugun soka da kulpa, eutsi eta lotzen gaituena; goma itxura ere har dezake, pauso bat aurrera egiten uzten dizulako baina bigarrena emateko keinuak egiterako tenkatu eta atzera bultzatzen zaituelako. Barneratua dugu, izan ere, emakumeek erraz identifikatzen dituztela euren seme-alaben beharrak eta horiek guztiaren gainetik jarri behar dituztela «ama onaren» titulua lortzeko. Eskuratzen zaila eta, agian ez guztiz desiragarria, ohartu naiz erraza dela hura galdu eta beste puntaraino salto egitea, une zehatz batean edozein proiektu edota desira lehenestea ere ez delako barkatzen, ez diogulako barkatzen.

Sentimendu traketsa ez ezik, korapilatzen erraza ere bada. Tesian zehar amatasunaren eta zientzia ibilbidearen arteko talka aztertzea egokitu zait, eta kontraesanak gainditzeko ahaleginean eta barruko korapiloak askatu nahian idatzi ditut hainbat pasarte, kulpa sentitzearen kulparekin.

Bilatu