Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Larrialdiaren larri guztiak

Aurrera egin dutela sinetsarazteko bidalitako mezuek eta, aldi berean, krisia gainditzeko gaiaren inguruan nagusitutako etsipen hitzek ez dute herritarrek kontzientzia har dezagun laguntzen.

Larri» hitzak baditu hainbat adiera. Izan daiteke garrantzitsu edota esanguratsuren sinonimo, gertaera batek izan ditzakeelako ondorio larriak; bada, halaber, handiaren eta baita presazkoaren edota urgentearen pareko ere; letra xehez idazten ez dena larriz idatz daiteke; baina bada, era berean, ezinegona adierazteko erabil daitekeen hitza, lasai egotearen kontrakoa, estutasuna. Larri horrek lotu gaitzake, baina izan daiteke, halaber, aritzeko eta egiteko pizgarri; badira, izan ere, presaka eta azken orduan lan egiten ez dakitenak, baina baita sentimendu hori izan gabe jarduten ez dutenak ere.

Aspaldian, gero eta gehiago entzuten da larrialdi hitza; batez ere, klimari lotuta. Esan eta esan ari dira gaian adituak direnak neurriak hartzea beharrezkoa ez ezik presazkoa dela, eta izaera hori ez dugunok atzemateko moduko zantzuak ere hasi dira agerikoago egiten, urrunean zein etxetik gertuago. Milaka titular idatzi dira azken egunetan Glasgown egin den COP26 goi-bileraren harira eta amaitu ondotik argitaratu direnak laburbiltzeko ariketa eginez gero, estatu batzuek lehentasunen zerrendan «larrialdia» hitz larriz idazteko duten borondate eskasa da mezu nagusia. Muturreko fenomenoak gehiago jo ditu herrialde batzuk, pobretuenak, baina haien ezinak eta egin dituzten hitz eta ohartarazpenek ez dute behar besteko larririk eragin, antza. Hala, gaiaren zirrikituak arakatu eta hazkundea bera auzitan jarri gabe, azaleko erabakiekin eta hitzekin itxi da hitzordua, «izango dugu elkarren berri» esanda.

Aurrera egin dutela sinetsarazteko bidalitako mezuek eta, aldi berean, krisia gainditzeko gaiaren inguruan nagusitutako etsipen hitzek ez dute herritarrek kontzientzia har dezagun laguntzen, ez eta mezu gehienak ukigarriak ez diren etorkizuneko agertoki eta zenbakietan oinarritzeak. Panorama ikusita, ordea,  beharrezkoa da erantzukizuna hartzea, larrialdiaren larriaz, adiera guztiekin, ohartzea eta hitzen eta ekintzen artean norberak dituen kontraesanak gainditu ostean, agintariak estutzea.

Bilatu