Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Lokatza

Hauteskunde kanpainaren erdi parean ia, etorkizuneko agertokiei forma ematen hasiak dira hautagaiak; egin dutenari eta egiteko duten horri helduta batzuk; besteek egin ez dutena eta eurek egin nahiko luketena marrazten besteak. Tartean, lokatzetan sartuta batzu-batzuk; albokoak estropezu egin eta eroriko ote den esperantza du halakoetan aritzen denak, baina norbera aurretik zangotrabatzeko arriskua hartzea ere badakar horrek.

Gertukoak diren erakundeetan izango ditugun ordezkariak hautatzeak badu kutsu berezia, herria ikusteko ulerkera zabalagoaren barruan, norberarentzat handiak diren txikiak ere erabakitzen direlako eta, ordezkarien kasuan, proiektuak ez ezik, jarduteko eta egiteko moduak ere ezagutzen ditugulako, sarri. Hala ere, kanpainan eta batez ere azken txanpan, hautagaiek indarrak agortzen dituzte euren botoa erabaki ez duten horiek erakartzeko, eta horretako bideak asko eta askotarikoak dira.

Sare sozialek, noski, funtsezko eginkizuna dute, publiko zabalera eta, batez ere, gazteengana iristeko bitartekoak direlako. Komunikazioaren eremuan ikertzen duten ikertzaile asko ari dira, horregatik, une hauetan sarean mamitzen den kanpainari so: mezuak, baliabideak, estrategiak, erantzunak… Genero ikuspegitik ere aztertzea merezi du, zalantzarik gabe, lehia horretan formak galtzeko joera handiagoa baita, lokaztekoa. Orain arte egin diren ikerketek azaleratu dute, beste eremu batzuetan gertatzen den moduan, politikan ari diren emakumeek sarean mezu iraingarriak jasotzeko gizonek baino arrisku gehiago dutela, eta horrek eragina du bai emakumeek politikan egiten duten ibilbidean, bai haien inguruan eta eredu gisara zabaltzen den mezuan. Izan ere, gaitasunak zalantzan jartzen zaizkie eta itxura fisikoaren inguruko kritikak jasotzen dituzte sarriago. Erasoak bortitzagoak dira esanguratsuak diren karguetako hautagaien kasuan eta, antza, baita berdintasunaz eta feminismoaz mintzatzen direnentzat ere. Marrazten hasita, halakoak saihestea, gelditzea eta salatzea ere bada etorkizuneko herria egiteko modua.

Bilatu