Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Lotsaz

Baina ezin esan lotsa berez eta beti txarra denik ere, erabat lotsagabetuta munduan barrena handiegi ibiltzea ez delako ona

Hasiak ginen galtzetako eta berokietako poltsikoetan edota poltsetako zirrikituetan ia galduta eta badaezpada eramaten, eta berriz ere aurpegian jarrita eramatea beste erremediorik ez zaigu geratu ia. Zenbakiak gora eta behera, birusarekin batera beldurra zabaltzen hasi da. Onartu behar dut neguan udan baino erosoagoa dela, azken egun hotzetan eskertu ere egin dut. Aurreko batean, sarri lotsatu eta gorritzeko joera duen pertsona batek zioen hura ere erosoago zebilela musukoarekin; gutxiago gorritu ere egiten zela, lotsaren aurrean bere gorputzak duen erantzun fisiologiko hori estali zezakeelako. Eta hura entzun du, antza, eta etxera bidean “ama, zer da lotsa?”, galdetu du. Askotan entzun du, hitzaren esanahia ondo jakin gabe ere gorritu delako eta “hara, lotsatu egin zara!” entzun duelako. Baina emakumeari aditu dio lotsaren larriez hizketan eta jakin-mina sortu zaio. “Zer da lotsa?”, errepikatu dut nik denbora egin eta aseko duen erantzun baten bila, baina ez da erraza duenak galdu beharko lukeen eta batere ez duenak izan beharko lukeen ezer ondo azaltzea.

Izan ere, lotsarik ez duena lotsarazten dugu eta irakatsi lotsarik eman beharko ez lioketen egoeren eta sentimenduen aurrean lotsatzen, horrek pertsona bat nola kateatu dezakeen kontuan izan gabe. Hala, nerabezaroan goia jota, entzun izan diot adinekoren bati urteetan aurrera egindakoan berriz ere lotsaz askatu egiten zarela eta sarriago esan ohi dela “total, zertarako lotsa?”. Ordurako, ordea, gauza asko utzi ditugu egin eta agian ezagutu gabe ditxosozko lotsagatik.

Baina ezin esan lotsa berez eta beti txarra denik ere, erabat lotsagabetuta munduan barrena handiegi ibiltzea ez delako ona; batez ere, egiten duzun horrek besteengan kaltea eragiten badu. Baina, tamalez, besteak izorratzen, kaltetzen eta erasotzen dituztenek ez dute sarritan lotsaren arrastorik, edo ondo gainditzen dituzte lotsaren kateak, gainerakoan ezingo lituzkete-eta parekoengan amorrua eta ezintasuna eragiten duten ekintzetako asko egin, ez behintzat irudikatzen duten patxadarekin.

Bilatu