Ikasturtea hondarretan dago, atzera kontaketan, eta ikasleen gogo eta saiakerak ere ia agortuta. Irailean errutinara bueltatzeko izan ohi dudan pareko gogoa daukat aurten ordutegien zorroztasunetik ateratzeko. Eguna luza-luza eginda dago eta, eguraldiak udazken tankera hartzen ez duen egun horietan, gero eta gehiago kostatzen zaigu plazan traste guztiak bildu, etxera joan eta oheratu aurretik egin beharreko guztiak osatzea. Iritsi gabe, uda kutsuan gaude, eta burua ere hor kokatu zaigu.
Hala ere, egutegiari begiratzeak ia beldurra ematen du, zersuma aritzeko ia hiru hilabete gehitxo ere izan daitezkeelako. Ez gaizki ulertu, ez dut ez ditugula behar esan nahi, ezta ikasleen oporraldia luzeegia denik ere, haren kudeaketa zaila dela baizik. Etxean zein inguruan malabarak egiten hasiak gara eta, egunekoak zein gehiago luzatzen direnak, udalekuak baliatzen ditugu askok egoera xamurtzeko irtenbide modura. Haien faltan, inguruko sostenguak heltzen digu gogor, aitona-amonak kasu askotan. Akordatu naiz iaz larrialdietako itxarongelan besoa apurtu eta eskutik sorbaldaraino igeltsua jarrita zuen neskatilari hasperen eginda ondoan zuen amonak nola esan zion: «Eta, orain, zer egin behar dugu zuk eta nik uda osoan igerilekura joan ezin badugu? Hau amorrua!». Zaindu behar zuen batak eta zaintza besteak, neskatila ez zegoen-eta mundua bere kabuz deskubritzeko adina koskortua, eta gurasoek, antza, ozta-ozta har zitzaketen udan oporraldi labur batzuk.
Zaila da, izan ere, inolaz ezkontzen ez diren egutegi eta ordutegiak bat egitea. Eta fundamentuz gauzatzen ez diren baimenek eta laguntzek ez dute oraindik, behinik behin, egoera horri aurre egiteko modurik eskaintzen askorentzat. Jaiotza osteko baimena luzatzeko prozedura abiatu dela iragarri zuten pasatu den astean eta datorren urterako onartuko dutela. Gero eta baxuagoa den jaiotza tasari aurre egin nahi diote modu horretan. Ongietorria da, noski, neurria; baina zaintza premiak ez dira, zorionez edo zoritxarrez, lehen hilabete horietara mugatzen.