Mina eta denborak
Espezialistarako zita eskatu du eta ekainerako eman diote. Hitz bakar bat esaterako, hurrengo urterako dela argitu dio harrerako langileak, gehiegi poztu ez zedin, seguru asko. Kontatzen ari zen bitartean akordatu naiz medikutara joan eta data zuzena zela baina urtez konfunditu zela esan zioten gizonaren kasuaz. Denboraz joan zen zitara, urtebete lehenago, seguruenik ez zitzaiolako burutik pasa ere egin bestela izan zitekeenik. Agian, mugakoak izan daitezke aipatutako bi kasuak, baina ez dira inondik ere salbuespenak; minak azaleratutako zauriak ugariak dira.
Gaixotasun onkologikoak dituzten pertsonekin ez dela halakorik gertatzen entzun dugu agintarien ahotik, eta besterik ez genuela behar pentsatu du halabeharrez denboraren zentzua erabat aldatu zaion gaixoak, itxaron-zerrendetako zirrikituei begira datorren astea ere berandu sentitzen duen horrek. Eta bitartean, oinazea duen lagunak osasun sistema publikotik kanpo bilatu du hori arintzeko bidea, ezin duelako bestela. Egunak joan eta egunak etorriagatik, bere minak ez duelako lehentasun, jaiegun edota egun eta gauen artean bereizketarik egiten. Hura xamurtzea baino ez du nahi eta, bai, berak ere presa du.
Eta zurrunbilo horretan pentsatzen nenbilela iritsi zait mugikorrera utero-lepoko minbiziari aurrea hartzeko prebentzio kanpainaren jakinarazpena, eta parte hartzeko emaginarekin zita eskatzeko gonbita egiten du. Denboran bat, arloko hainbat profesional pankartaren atzean jarrita ikusi ditut, euren lan eskubideak eta emakumeen arreta eskubidea, biak, aitortu daitezela eskatzeko. Bederatzi greba egun deitu dituzte; besteak beste, nahikoa profesional ez dagoela salatzeko eta opor eta erretiroengatik sortzen diren hutsuneek egoera are eta gehiago trakesten dutela ohartarazteko. Premiazkoenak diren kontuetara mugatu behar izaten dute euren jarduna, eta bestelakoak halabeharrez atzeratu behar izaten dituzte. Jaso dudan mezuari erreparatu diot berriz eta non, nola eta noiz galderak baino ez zaizkit etorri burura.
