Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

«Neska ona»

Huts egiteko beldurragatik, arrisku gutxiago hartzen dituzte eta ez dute euren buruarekiko segurtasuna indartzen, antza, ikaste prozesuan ondo ibiltzen jakitea bezain garrantzitsua delako erortzea.

«Haiek bai haiek garaiak!». Iragandako denborak gozoki gogoratzen ditugu, selektiboa delako oroimena eta gertatutako haren irudia gure beharretara egokitzen dugulako. Askori entzun diot, zalantza izpirik gabe itzuliko litzatekeela gaztaroko urteetara: ez umerik, ez lantokiko arazorik, ez ordaindu beharreko fakturarik... irria eta jaia besterik ez. Nik ez dut halako oroitzapen gozorik eta ez nintzatekeela sasoi horretara itzuliko esan izan dudanean, zein gaztaro mota bizitakoa naizen galdetu izan didate. Oroitzen naiz orain txikiak diruditen arazoak handi-handiak zirela orduan eta, hizketaldi bakar batekin konpontzeko modukoak izanagatik, katramilatu eta tripako min asko eragiten zutela. Gogoratzen naiz presioaz, barrutik eta kanpotik estutzen zaituen horretaz.

Gustura izan dut, horregatik, Katty Kay eta Claire Shipman ikertzaileek egindako ikerketaren berri. Zortzi eta hemezortzi urte arteko 1.400 neska-mutil elkarrizketatu dituzte eta ondorioztatu neskek euren buruarengan duten konfiantza maila modu esanguratsuan murrizten dela nerabezarora iritsitakoan. Azterketan gogoratu dute neskek gero eta emaitza hobeagoak lortzen dituztela ikastetxeetan, baina sentitzen duten presioa ez dela horregatik murrizten, besteak beste, txiki-txikitatik transmititzen zaielako zeinen garrantzitsua den «neska ona» izatea, moldean sartzea. Huts egiteko beldurragatik, arrisku gutxiago hartzen dituzte eta ez dute euren buruarekiko segurtasuna indartzen, antza, ikaste prozesuan ondo ibiltzen jakitea bezain garrantzitsua delako erortzea. Bada, ordea, bereziki beldurtzen duen ikerketa honen ondorio bat: hainbat eremutatik neskei perfekzioa lortzera eta besteen begietara gustagarri izatera bultzatzen zaie oraindik ere.

Seguru asko, nerabezaroan bizitako korapilo asko askatutako zaizkie urteetan aurrera joandakoan. Agian, memoria moldatu eta egunen batean gaztarora itzultzea desiratuko dute, sortuko zaizkien arazo berriek estututa. Gehienek, ordea, muineraino sartutako iritzien eta aurreiritzien kontra borrokan jarraitu beharko dute, euren burua parekoaren ispilutik kanpo ikusteko ahaleginean.

Bilatu