Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Osasun-zerbitzuen osasuna

Hizketan ari dira bi pertsona: mediku batek, nonbait, erretiroa hartu du eta ez dute ordezkatu; beste bat bajan dago eta bere bulegoa ere huts-hutsik;
hirugarrena ez da...

Atean sartu eta panorama ikusita, ordulariari begiratu diot nahasi eta goizegi iritsi ez ote naizen pentsatuta, baina ez. Eseri eta zain jarri naiz. Atean ohar bat; hitz gutxitan, behar-beharrezkoa ez bada medikutara ez etortzeko dio. Lotsatzen hasi naiz, agian, azterketa telefonoz ere egin zitekeen eta nik, lotsagabe, kontsultara bertaratzeko ordua eskatu dut. Minutu batzuk pasa eta arimarik ez da ikusten bertan; baina entzun bai: ez dago gaixorik apenas dagoelako haiek artatuko dituen medikurik zentroan. Hizketan ari dira bi pertsona: mediku batek, nonbait, erretiroa hartu du eta ez dute ordezkatu; beste bat bajan dago eta bere bulegoa ere huts-hutsik; hirugarrena ez da oporretatik itzuli oraindik eta ez du ordezkorik izan... Eta arazoa, antza, orokorra da, falta den beste mediku bat ondoko herrira joana baita han sortutako hutsuneari petatxua jartzeko.

Azken urte eta erdian ezer ahotan izan badugu, hori osasuna da. Hitz egin dugu immunitateaz, txertoaz, prebentzio neurriez, birusaz... eta nik ez dakit medikuntzari lotutako beste zenbat termino desberdinez. Zifrak gora eta zifrak behera, gertukoak diren eta gure osasuna zaintzeko oinarrizkoak diren herrietako osasun zentroetako zenbakiei apenas erreparatu gabe. Hitzordurik ez dagoela jakinarazten digun administrariari kexu, bakoitza babarrunak eltzetik ahal den moduan ateratzen saiatu gara.

Atera ginen, bai, osasun langileen lana eskertzeko txalo joka pandemiaren asterik gogorrenetan; orain, agian, txistuka edota oihuka ateratzea dagokigu, osasun zerbitzu oinarrizkoen defentsan, hutsik geratu eta betetzen ez diren lekuak betetzeko eskatuz edota gure osasuna etxetik gertu zaintzeko eskubidea dugula aldarrikatzeko. Agian, orduko txaloak adina eskertuko dituzte orain osasun langileek txistu eta oihu horiek, eta guztien mesederako izango dira, gainera. Lakuak ordezkoak topatzeko zailtasunari egotzi dio egoera, baina herrietako zerbitzuei lotutako arazoa ez da oraingoa eta lehentasunekin du, batez ere, zerikusia.

Bilatu