Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Osotasuna

Kirola bada giharrak mugitzea ez beste zerbait, inguratzen gaituena ulertzeko eta bertan kokatzeko modua ere bada, eta, horretarako, mugatuta bada ere, taldea behar da.

Gustatuko litzaidake zenbaitetan, askotan, bizitza haur-begiez ikusteko gaitasun hori galdu ez izana, apur bat mantentzea sikiera; dena da handi begirada hor behetik zuzendutakoan eta, urruntasun-gertutasun joko horretan, korapilo handiak txiki ere ikusten dira. «Ama, gaur ez gaixorik?», bota zidan pasa den astean, AEBetako gertaerek covid-19aren inguruko zifra eta datuak albistegiaren erdi pareraino atzeratu eta etxekoak telebistari adi-adi begira geundela ikusitakoan. Eta irribarretxoarekin gozatu zuen galdera, bai baitaki ama gogaituta dagoela egoerarekin, askotan ez duela jakiten lagunak eta gurasoak bisitatzera joateko aukera izango duen edo ez, nork edo nork eta nonbait egiten diren bileretan hartutako erabakien zain egoten dela hori jakiteko... Baina ikusi ditu berriz ere ditxosozko grafikoak eta egin du etsipen keinua sorbaldekin.

Amaren mugak bereganatu ditu, berak bizi dituen asko ez dituelako ondo identifikatzen. Jendea pilatuta eta ilaran ikusten du, baina ez daki, hain justu ere, pilaketak ekiditeko aitzakiaz eta txikia delako, ezin izan duela igerilekura joan igeriketa ikastarora edota kalean zer suma ikusten dituen haur askok ezin izan dutela kirola egiteko bildu. Ia ahaztu zaizkigu, edo alboratu ditugu behintzat, haurrentzat kirola zeinen osasuntsua den nabarmendu duten ikerketa eta gomendio guztiak eta, pandemia hau agertu aurretik, bazela izen hori merezi zuen beste bat, elikadurari eta sedentarismoari lotutakoa. Bai, kirola egin daiteke, joan gaitezke mendira, ibili gaitezke bizikletan edota korrikan baloiaren atzetik, eta seguru asko, mugak tarteko, izango dira inoiz baino ariketa fisiko gehiago egiten ari direnak. Baina, kirola bada giharrak mugitzea ez beste zerbait, inguratzen gaituena ulertzeko eta bertan kokatzeko modua ere bada, eta, horretarako, mugatuta bada ere, taldea behar da. Atzera egin eta berriz ere eskola kirola baimendu dute. Baina kurba eta olatu artean, gogorarazi beharko da osasuntsu egotea ez dela gaixorik ez egotea, zaindu behar dugula osasuna eta bere osotasuna, zaharrena, helduena eta gerripetik begiratzen gaituzten horiena.

Bilatu