Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Pandemiaren ajeak

Ikerketek diote, pandemia eta hari aurre egiteko ezarritako etxeratzea direla-eta, nabarmen areagotu direla elikadurari lotutako trastornoak

Hilabeteak dira azkenekoz ikusi nuenetik. Ia saihestu dut topo egitea, gorputza eta gogoa biak xahututa dituela atzeman diodalako urrunetik. Hezurdura  gero eta gehiago nabarmentzen zaio eta ageriago egin zaion begirada bihurtu zaio, berriz, bere gogoaren salatari. Ezintasunez, patxada apur bat emango dioten hitzak bilatu ezinda ni eta hain agerikoa den egoera ezkutatu nahian bera, azaleko hizketaldian aritu gara, muxu bi eman eta agurtu aurretik. Azkarra da, argia oso, burutazio onak eta hausnarketa ederrak botatzen dakiena, baita orain ere, baina sumatzen zaio horiek sortzeko ezinbestekoa den sosegu falta. Gorputzak harrapatua dauka eta buruak gaixotua. Uste dut, hala ere, elkarrizketaren traba nagusia ezjakintasuna eta aurreiritziak izan direla.

Ikerketek diote, pandemia eta hari aurre egiteko ezarritako etxeratzea direla-eta, nabarmen areagotu direla elikadurari lotutako trastornoak, bai eta arazo hauek dituzten pertsonek bizi duten ezinegon eta antsietatea ere. Isolamendua eta itxura fisikoaren inguruan Internetez jasotako mezuak dira, adituen esanetan, arrazoi nagusietako bi, bai eta neurriko larrialdi egoerak gaixotasun hau duten pertsonei ekarritako gainkarga emozionala ere. Noski, lehen lerroan pandemia jartzeak eta zaintza telematikoa nagusitzeak ere ez dio mesede egin tratamendu sendoa eta askotarikoa behar duten pertsona hauen osasunari. Datuek erakutsi dute orain panorama: gehiago eta gazteagoak dira gaixotu direnak eta haietako asko agortuta iritsi dira osasun sistemara ate joka, behar duten tratamendua jaso ahal izateko borroka berria abiatzeko, gainera.

Ez dakit oraindik ere pausoz pauso eta oina ondo non jartzen dugun zainduz ibili behar dugun edota korrika egiten hasteko moduan gauden; sentsazioa daukat egun batean bata eta bestean bestea esaten digutela eta estropezuka gabiltzala. Edozein kasutan, mantsoago ala bizkorrago ibili, uste dut badagokigula noizean behin gelditu eta atzera begiratzea, bidea zein ajerekin egiten ari garen jabetzeko, ezer ikasi badugu hura balorean jartzeko eta pandemiak utzi dituen ondorioei aurrez aurre begiratzeko.

Bilatu