Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Pazientzia ala epeltasuna

Irakasle den lagun batek eskoletan ere familia askoren ezinak atzematen hasiak direla kontatu dit orain gutxi, eta, zoritxarrez, jatekoarekin harremana dutenak dira horietako batzuk

Pazientzia. Beste hainbatekin batera, pertsonok izan ditzakegun ezaugarrien artean estimatutako tasuna da niretzat. Agian, nik ez dudalako handirik inoiz izan. Bizitzan pazientzia izatea zeinen garrantzitsua den zenbat pertsonek eta zenbat alditan esan didaten ezin dut zenbatu, beti izan naizelako urduria eta egonarri eskasekoa. Esanaren esanez, pazientzia eza begiz jota dagoela konturatutakoan, haren falta dugunok bizitzako edo bizitzeko presa eta urduritasuna apaltzen saiatu ohi gara edo, gutxienez, patxada gabezi hori estaltzen edo disimulatzen, arrakasta gehiagorekin edo gutxiagorekin.

Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroa entzun dut azken egunetan “pazientzia” hitza ahotan hartuta, eta herritarrei hura eskatu die. Jakien prezioak azken urtean izandako gorakadak, bere hitzetan, goia jo omen du dagoeneko eta beheranzko joeran noiz hasiko lasaitasunez itxaron behar omen da, banaketa-enpresa handien borondatean esperantza jarrita. Eskaria, gainera, prezioek joera hori hartuko ote duten ziurtatzeko inolako daturik eman gabe egin du, eta orain artean hartutako neurriek iragarri zuten bezainbesteko ondoriorik ez dutela izan frogatu denean. Edonor lasaituko luketenak, beraz, bere hitzak.

Ia ahaztu zait produktu batzuen prezioa zein zen iaz sasoi honetan, baita bat-batean edo apurka izan duen gorakada honek ala besteak, baina estatistikak eta erosketa tiketak argigarriak dira. Orain arteko zailtasunei gehitu zaie jatekoaren zein oinarrizkoak diren beste produktu batzuen prezioen igoera, eta horrek familia asko are eta gehiago estutu ditu. Irakasle den lagun batek eskoletan ere familia askoren ezinak atzematen hasiak direla kontatu dit orain gutxi, eta, zoritxarrez, jatekoarekin harremana dutenak dira horietako batzuk.

Espainiako Gobernuko ministroak eskatu duen hori ez da pazientziaren definizioarekin ezkontzen, eskatutakoa epeltasuna da, lasaitasunerako arrazoirik gabeko patxada, gauden-gaudenean konformatzea eta, bidez batez, zalaparta ahalik gutxien ateratzea.

Bilatu