Hiru egun barru Martxoaren 8a. Ez dut uste asko okertuko naizenik esaten badut mezu feministak beste behin kaleak hartuko dituela; plaza birtual bilakatu zaion sarea hartuko duela esaten badut, ere ez. Izatez, gertatu da jada, aldarrikapenak eta batean eta bestean deitutako deialdiak bolo-bolo dabiltza eta. Baliabide digitalek tresna eraginkorrak eskaini dituzte; aurretik biderik topatzen ez zuten ahotsei bozgorailua eman eta gertutasun eta nortasun sentimendua indartzeko bidea zabaldu dutelako, esaterako. Sare sozialen testuingurua, adibidez, baliagarria da mezua helarazteko, ia mugarik gabe zabaltzeko eta hura partekatzen duten pertsonen arteko aliantzak sortzeko, nahiz eta badituzten beren funtzionamendua baldintzatzen duten berezko mugak eta aipatu helburu horietan baino negozio eta botere harremanetan oinarritzen diren.
Hori dela eta, emakumeen aurka sarean gertatzen diren erasoen inguruko mezuak entzuten ditudanean, ardura eta haserrea neurri berean sortzen zaizkit ia. Ados nago, zuhurtzia beharrezkoa da tresna zein arerio bilaka daitezkeen sare sozialak erabiltzeko orduan eta errealitate hori ezagutzea eta erasoen aurrean defendatzeko estrategiak garatzea beharrezkoa da; baina «kontuz!» dioten mezu horiek, nahita edo nahi gabe, segurtasun eza edota beldurra sortzeko soilik balio badute, aurrera baino atzera egiteko arriskua dakarte. Beldurrak arriskua eragozteko edota babesteko balio digu, bai, baina baita geldiarazteko ere; izuaren mezua eta honek eragiten dituen bizipen eta ondorioak ondotxo ezagutzen ditugu.
Zenbait ikerketak ondorioztatu dute mezu matxistak ugaritu egin direla sarean, baita feminismoaren kontrako mezuak ere eta horiek, antza, eragina izaten ari dira sare sozialak erabiltzen dituzten gazte askorengan. Hala, gure herrietakoak ahaztu gabe, sareen plazan tokia hartzea beharrezko bezain garrantzitsua da, mezua eta, ahal bada, espazio birtuala bera eraldatzen hasteko.